«Desorduetan egin ditut literatur itzulpenak, etxekoei orduak kenduta»

Iñigo Roque, aste honetan Donostiako Garoa liburu-dendan./
Iñigo Roque, aste honetan Donostiako Garoa liburu-dendan.

FELIX IBARGUTXI

Duela bi aste jakinarazi zuten. Iñigo Roque Eguzkitzak (Portugalete, 1976) irabazi du Euskadi saria itzulpengintzaren alorrean. António Lobo Antunes portugaldarraren 'Gauzen ordena naturala' euskarara ekar- tzeagatik. 'Literatura unibertsala' bildumaren barruan eman zen argitara. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuan ari da lanean, zuzentzaile gisa, eta horrez gain sarri egiten ditu literatur itzulpenak. Aste honetan Donostian izan da, Iolanda Zuñigaren 'Post-it bizi-tzak' liburuaren euskal bertsioari buruz mintzatzeko. Orain Sophia de Mello olerkari portugaldarraren euskal antologia bat prestatzen ari da, besteak beste.

-Euskadi Sariak eduki al du jadanik eraginik zure lan-martxan?

-Beno... izan ditut elkarrizketa ba-tzuk... baina egia esateko pozik handiena eman didana izan da herrian [Zornotzan] ezagunek eta ez hain ezagunek emandako aupada horiek. Jende askok ez zekien zertan ibiltzen naizen. Gero, profesionalki, oraindik ez dit lan berririk ekarri sari honek, baina goiz da ezer esateko.

-Beharbada, Euskadi Saria irabazitako itzultzaile gazteena izango zara. Zenbat urte dituzu?

-Hogeita hemezortzi. Izan ninteke gazteena, ez dakit. Egia esan, sariaren berri eman eta interneten sartu nintzenean ikusteko aurreko saridunen zerrenda -Carlos Zabala, Fernando Rey, Xabier Olarra, Koro Navarro, Josu Zabaleta...- harro sentitu nintzen. Eta prentsaurrekoa ematen baduzu Bernardo Atxagaren ondoan, esan daiteke zerua atzamar puntekin ukitzen duzula.

-Ari zara Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuan testu--zuzentzaile. Hortik ateratzen duzu bizimodua, noski, zeren literatur itzulpenetatik bizitzea zailago izango da.

-Bai, Euskal Herrian literatura itzultzetik nekez bizi daiteke inor. Gure belaunaldikoontzat zail ikusten dut, baina ondo egongo litzateke ondorengoek -batzuek behin-tzat- aukera hori izatea. Nik askotan desorduetan egin ditut literatur itzulpenak, lantokiko lanak eta etxekoak amaituta.

-Lobo Antunesen itzulpen saritu hori ere horrela egin zenuen?

-Bai, etxekoei orduak kenduz. Gaueko 10etan hasita eta egunean pare bat ordu sartuz. Baina niretzat ihesbide bat zen, eta testua ere oso arrunta ez zenez, eta bihurri samarra, ba erronka horrek eutsi egiten zion gogoari. Bestela, hau lanbide edukita, ez dakit egingo nukeen.

-Orain dela gutxi topo egin dugu, euskarara itzuli duzun Iolanda Zuñigaren 'Post-it bizitzak' liburuaren aurkezpena dela-eta. Zer deritzozu liburu horri?

-Esango nuke, aurrena, freskotasun handia dakarrela liburu horrek. Irakurtzen ohitua ez dagoenak ere gozatu egingo du. Gazteentzat liburu interesgarria izango da. Hau adibide ona da erakusteko norberaren bizipenak eta sentimenduak ez direla bakarrik norberarenak. Irakurle denek ikusiko dute, era batera edo bestera, beren burua.

-Lan hau Pasazaite argitaletxerako egin duzu. Ekonomia aldetik, 'probetxugarriago' da 'Literatura Unibertsala'-rako itzultzea?

-Argitaletxe batetik bestera alde handia izaten da. Esate baterako, Pasazaite-k oso tarifa duinak erabiltzen ditu, argitaletxe oso txikia izanda ere. Eta gainera eskertzekoa da itzultzaileari nolako ikusgaitasuna ematen dion. Egia da 'Literatura Unibertsala' sortako liburu batzuek daukaten aurrekontua nekez har dezakeela bere gain argitaletxe batek. Euskal literaturaren merkatua txikia da, eta itzulpenena are mugatuagoa. Beraz, 'Literatura unibertsala' oso aukera ederra da baldintza onetan eta zentzuzko epeetan lan egiteko.

-Kontatu izan duzu, baina esan berriz ere nolatan ikasi zenuen portugesa.

-Ez da kasualitate bat izan. Nire aita eta haren neba-arrebak izan ziren lehenak portugesa jakin ez zutenak beren familian. Aititak eta amamak portugesez egiten zuten beren artean, eta hizkuntzetarako beti zaletasuna eduki dudanez... Saiatu izan naiz beti portugesezko literatura jarraitzen. Hitz egin, beharbada, hobeto egin nezake. Egia da itzultzaileek ondo ezagutu behar dutela itzulgai duten hizkuntza, eta horretarako liburuak irakurri behar dira, hiztegiak ez dira nahikoa.

-Beraz, zuk umetan etxeko hizkuntza ez zenuen euskara izan.

-Ni Portugaletekoa naiz, mugaldekoa. Eta aita izan bazen hizkun-tza galdutakoa, ama ere bai. Hark euskara galdu zuen. Oso gaztetan, umetan ikasi nuen euskara. Beharbada -irakurri dudanez- oker gabiltza ama-hizkuntzaren kontu horrekin. Igual garrantzitsuago da norberarentzat zein den lehen hizkun-tza, eta gaur egun, egia esateko, nik bizimodu guztia egiten dut euskaraz. Euskal testuekin egiten dut lana eta erdarara ez dut itzulpenik egiten. Esan daiteke aurreko belaunaldiek galdutako bi hizkuntzak berreskuratu egin ditudala nik, neurri batean.

-Portugesa zeure kabuz ikasi zenuen?

-Bai, baina Portugalera sarri-sarri joanda. Azken batean, literatura hizkuntza berezi bat da. Hasi nin-tzen Pessoarekin, gero Lobo Antunes eta Saramago, gero Afrika aldera joaten zara eta Mia Couto deskubritzen duzu, edota Brasilera zoaz... orain Clarice Lispector itzultzen ari naiz... Gainera, beti izaten duzu lagunen bat zalantzak argitzeko.

-Euskal itzultzaileok hor duzue ItzuL posta-zerrenda ere, zalan-tzak partekatzeko gunea.

-Literatur itzulpenez ari gara hizketan, baina Euskal Herrian bolumenik handiena Administrazioaren arloko itzulpenek hartzen dute, eta ItzuL zerrendako kontsulta gehienak hortik etortzen dira. Portugesetik itzultzean hutsune bat igarri dut, ez baitago corpusik ikusteko aurretik nola jokatu duten itzultzaileek. Esate batera, guk hemen tabernak eta jatetxeak ditugu, baina han badaude beste kontzeptu ba-tzuk, adibidez 'leiteria'. Ezin duzu 'esne-denda' ipini, han batez ere alkohola saltzen delako.

-Esadazu 'Post-it bizitzak' liburuan izandako lexiko-zalantzaren bat.

-Esate batera, drogen inguruko lexikoa. Ez dakizu 'engantxatuta' hi-tza erabil dezakezun. Agian besteren bat asmatu beharko genuke. Dezenteko lana egin dut dokumentatzen. Beste adibide bat: 'Kolgatuta dago'.

-Hori nola konpondu duzu?

-Lehendik erabili den hitz batekin: 'Harrapatuta dago'.

-Izan al duzu harreman zuzenik Lobo Antunesekin?

-Ez. Bilbon egiten dira 'Gutun zuria' jardunaldi batzuk eta bera etorri zen. Hurreratu nintzen bi hitz esateko, baina itxura batean zahartuxea dago eta hitzalditik nahiko nekaturik atera zen. Esan zidan ez zeukala hitz egiteko gogorik.

-Eizie elkartearen webgunean daukazun tokian ikusi dut esaten duzula Silvain Pouvreau dela lehenbiziko euskal idazlea euskara helduaroan ikasitakoa.

-Hala uste nuen, baina lagun batek esan dit haren aurretik Esteve Materre dagoela. Biak ala biak apaiz lapurtarrak izan ziren eta dotrinako liburuak idatzi zituzten. Orain ez dakit euskaldun elebakarrik dagoen, baina garai hartan -XVII. mendean- asko ziren, eta haiengana iritsi nahi izanez gero derrigor idatzi behar euskaraz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos