Echenoz-en lanik berriena ere, '14', euskaratu dute

Jean Echenoz./
Jean Echenoz.

Meettok etxeak euskarara ekarri du I. Mundu Gerrari buruzko obra hau, aurreko hiru nobelekin egin zuen bezala

FELIX IBARGUTXIDONOSTIA

Meettok etxeak jarraitzen du Jean Echenoz frantses idazlearen lanak euskarara ekar-tzen. Nolabaiteko trilogia osatzen zuten 'Ravel', 'Lasterka' eta 'Tximista' haien ondotik, oraingoan '14' eskaintzen du. Itzultzailea, beti bera: Gerardo Markuleta.

Jean Echenoz idazle frantsesa da, 67 urtekoa, Orange hirian jaioa, estatuko hego-ekialdean. Askoren ustez, Europako idazle garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Hamabost eleberri argitaratu ditu guztira, eta euskaraz irakur daitezke azlen laurak.

Azken-azkeneko obra hau 1914ko Gerra Handian dago kokatua. Hau da abiapuntua, kontrazalean irakur daitekeenez: «Bost mutil gerrara joan, eta emakume bat zain, haietako bat noiz itzuliko. Jakiteko dago, ordea, inoiz itzuliko ote diren. Noiz. Eta nola».

Gerardo Markuleta itzultzaileak aurkezpena egin zuen lehengo larunbatean Zarautzen, Literatutiaren egitarauaren barruan. Honela mintzatu zen: «Kritikak esan du, aurreko esperimentu narratibo horren ostean, '14' honekin Echenozek beste bide bat hartu duela. Baina beharbada ez da hain bide berria. Trilogian pertsonaia historiko banarekin egindakoa, hemen gertakizun historiko batekin egiten du: eleberria ez da nobela beliko bat, gerraren aurkako aldarrikapen zorrotza bada ere. Echenozen meritu handienetako bat horixe baita: ez du etsitzen eleberri-generoaren konbentzioekin, beti koska bat estuago dihardu, generoari zuku gehiago ateratzeko asmotan».

Bost mutil horiek gerrara abiatzerakoan, poza da nagusi: denek ala denek ere uste dute hamabost eguneko kontua izango dela. Lau urtez luzatuko da, ordea. Halabeharrak patu ezberdinak banatuko ditu pertsonaien artean. Gerrako giro izugarri eta zentzugabea kontatzen du nobelak, baina baita etxean geratu direnena ere: haurrak, emakumeak, edadetuak.

«Ezer salatu gabe noski, baina amaiera ere aipatu beharrekoa da -dio Markuletak-. Hasieratik bertatik iradokitzen da, amaierarako ahaztua dugun begirada-joko baten bitartez. Gero, Echenozek hamar lerrotan garbitzen du auzia. Desgogara bezala, eleberri tradizionaleko bukaera zoriontsu tipikoaren parodia eginez, eta hala ere amaiera sinesgarri eta gogobetekoa eskainiz».

Jakina denez, aurreko hiru nobelak 'erdi-biografikoak' ziren, batak Ravel musikaria zuen protagonista, besteak Zatopek korrikalariak eta hirugarrenak Nikola Tesla asmatzaile handia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos