Leitzako Gaztelua eta Gaztelune

Baleztenaren etxea ezkerrean: lehen Potxisku eta Potroa zirenak deseginik eraikia/Pablo Feo
Baleztenaren etxea ezkerrean: lehen Potxisku eta Potroa zirenak deseginik eraikia / Pablo Feo

Garai bateko gazteluaren orubean Markillos izeneko etxea eraiki zen, gero, XVIII. mendean, udaletxe zaharra, eta oraindik alboan Gaztelune etxea dugu

PATZIKU PERURENA

Leitzan kasik 60 urtez eskribau izandako Patziku Arribillaga jaunak, Sagastimearra etxe ederraren eta herriak bere izenean bataiatu Escribano bordaren jabe zenak, hala jaso zuen 1704 urtean: «Joseph de Areso y Maria de Escudero venden a Barbara de Alduncin la casa Pochiscu con su porcion de huerta, pegante a Potroa que afronta con casas de Chubia y Auspaguiñenea». Zertarako saldu zien? Honatx: «porque tratan de fabricar y edificar una casa nueba en la endrecera llamada Lezonzarra». Eta etxe berri honen erdia berarentzat izanen zela gero, honako baldintza honekin: «que la susodicha Barbara de Alduncin aya de pasar a vivir a ella, dejando libre de todo embarazo la dicha casa de Pochiscu que ahora le venden con su porcion de huerta». Eta etxe berria egiteko asmotan den senar emazte honen ezkontratuak, berriz, hala dio 1694an: «que son dueños de las casas juntas de Potroa y Pochiscu con todo su pertenecido«. Horrek erakusten du, elkarri itsatsiak zirela bi etxe xahar haiek, gero, handik urte askotara, Leitzako plaza berrira begira, Baleztenaren etxe eder bihurtuko zirenak.

Baina non ote zen Lezonzar izeneko endrezera? Oraintxe ikusiko, hain zuzen ere garai hartan Torreko jabe zen Joan Oronoz jaunak non saldu zion Joxepe jaunari etxe berria egiteko orube zaharra: «vende a Joseph de Areso un solar de casa en la endrecera de Lizonzarra que afrenta con Marquillos y camino que se ba de la puerta de Churrea abaxo acia Elbarren (…) por diez y seis ducados». Torreko ondasunen saltzaile honek, aitagiarreba zuen Joan Iriarte Eraso eskribauaren bidez atzera joaz, aspaldiko Erasotar haien sustraietara jo nahi dizu, nola edo hala erakutsi nahian haiengandik datorkiola etxe orube zahar horren jabetza «que les pertenece dicho solar de Lizonzar y Castillo». Hara! Castillo? Bai bai, halaxe baitio nahi duenak ikusi. Baina hori guzia ongi haragitzeko 'lezoi' hitzaren jabe izan behar. Goizuetan mutikotan aitarekin berritu nuen Zalkintzako lezoi zahar hura datorkit, han eta hemen ikusitako beste askoren buru. Eta zein izan liteke Lezonzar hori, egungo Gaztelune ez bada? Jakinik orduko Markillos bihurtu zela gero 1745ean Herriko Etxe berri, edo egun Udaletxe dena, euskara batu zurrun samar bati esker.

Goian, Udaletxe zaharra, 1745ean egina, lehendik Markillos, eta lehenagotik Gaztelua zenekoan. Behean, Gaztelune etxea eta bertan bizi den Xanti Eraso. Hau ere Eraso, a zer kasualitatea! / P. PERURENA

Eta zinez eta bihotzargiz ari naizela ikusteko, aski duzu Sagastibeltza Eskudero deituren segimendua egitea Leitzan, edo 1726ko apeoak dioen honi ongi erreparatzea: «Mariana de Escudero viuda de Joseph de Sagastibelza de Areso y dueña de la casa llamada Gaztelu».

Eta ez ahaztu, Gaztelune 1704an egin zuen Joxepe haren eta amona Mariana alargundu horretxen semea izan zela, gero Gazteluneko borda egin zuena. Hara nola ageri den 1735ko ezkontratuan jasoa: «Contrato matrimonial de Sebastian Sagastibelza de Areso y Mariana de Alfaro: (…) la casa vecinal llamada Gaztelunea afrontada con Catalinchonea y Marquillos. Yten el sitio para fabricar Borda que tiene señalado en lo comun y concegil del puesto llamado Yrategui con su pieza de pan traer con parte roturada y parte sin roturar o lieca que en todo será 10 robos alrededor de ella, y un castañal mozo en Urdanzaran y otro en Urbieta«.

Eta borda sortu zuen etxea ere hor azaldu zaizu, baina oraingoan Gaztelunea izenez, eta ez Gaztelu, 1726ko apeoan bezala. Baita handik hamaika urtera ere, 1746ko zentso baten hipotekan: «Domingo de Alfaro y Josefa de Labayen dueños de la casa vecinal llamada Unaienea o Biurrarana principales deudores de Sebastian de Sagastibelza de Gaztelunea«. Horrek esan nahi du jabeari deitzen ziotela Gaztelu, eta nere sena oso oker ez badabil, ez gainera ironia gutxirekin.

Baina baina, nork esan Aresoko Sagastibeltzatarrak izanen zirenik Leitzako kastarik nobleena, eta garai bateko Gaztelu zahar haren oinordeko, gainera?...

Lezonzar y Castillo

Bai, Leitzan zinezko gaztelurik inoiz izan bazen, 'Lezonzar y Castillo' hori baino aztarren finagorik ez litzake. Eta iker lanean segitzeko: lezon edo lezoi zahar hori inguruko etxe muganteek menderik mende nola izendatzen duten ongi begiratzea hobe, balizko gazteluaren orube zaharren zinezko aipurik inon ageri ote den erne ikusiz. Hona beste argibide batzuk: gaztelu zaharreko «los hornos«>Labetxe>Frankia. Ikus sarean 'Leitzako bordarik zaharrena'.

Eta nere aspaldiko arantza ateratze aldera, Iñaki Sagredo jaunari esan, agian niri kaso egin izan balit, xuxenago eginen zuela aurreneko krokis hura. Begira erne, behiala Bittori maiteak saritu zidan 'Navarra: Castillos que defendieron el Reino' liburuko 333-334 orriak. Hura baino hobeki baitator Lezonzar hau, eta baita Gazpillo hau ere, Arpillo hura baino, nik ikusi dokumentu zaharrek diotenarekin, Gazpillo zaharreko erreka eta Araizpe zaharragoko gatz iturria lagun. Datorren liburuan, gehiago eta hobeki: '1617-1663: Torrea Gaztelu?' izeneko kapituluan.

Nork pentsa, behialako gaztelu zahar haren eta Gaztelune berri honen jabeak odol bereko izanen zirenik, seirehun urteren buruan. Xanti Eraso eta seme alabak testigu. Eta ez badidazu sinetsi nahi, ikus 'Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson' liburu finaren 39. orrian, 'Ferrando e Martin de Eraso' Gazteluko eta Torreko buru, 1427ko apeoaren hasieran.

Temas

Euskera