Leipzigeko Unibertsitatean Euskaltzaindiaren mendeurrena ezagutarazteko hainbat ekitaldi antolatu dira

Zalbide, artxiboko irudian/UEMA
Zalbide, artxiboko irudian / UEMA

Mikel Zalbidek euskal akademiaren sorrera eta garapena aztertuko ditu; antolatzaileek azaldu dute, bestalde, Euskaltzaindiaren inguruko 40 artikulu berri igoko direla wikipediara

DVDonostia

Mikel Zalbidek Euskaltzaindiaren mendeurrenari buruz hitz egingo du Leipzigeko Unibertsitatean, ostegun honetan, ekainak 13 dituela. 'Die Königliche Akademie der Baskischen Sprache Euskaltzaindia: ein Dutzend sprachsoziologische Bemerkungen' izenburupean, Zalbidek euskal akademiaren sorrera eta garapena aztertuko ditu berbaldian, eta, bide batez, mende honetako mugarriak azalduko ditu, soziolinguistikaren perspektibatik betiere.

Ikasturte honetan, Leipzigeko Unibertsitateko euskara irakurletzan Euskaltzaindiaren mendeurrena ezagutarazteko hainbat ekitaldi antolatu dira. Era berean, Etxepare Institutuak Alemanian dituen lau irakurletzak (Berlin, Frankfurt, Konstanz eta Leipzig) elkarlanean arituko dira euskara eta Euskaltzaindiaren inguruko wikipedia artikulu zenbait alemanera itzultzeko.

«Hurrengo asteotan, Euskaltzaindiaren inguruko 40 artikulu berri igoko dira wikipediara, mendeurrenaren karietara Alemanian Euskaltzaindiaren lana ezagutzera emateko», aurreratu dute antolatzaileek.

Ibilbide luzea

Zalbideren ibilbidean nabarmentzekoa da, adibidez, 1972an, artean ikasle zelarik, Elhuyar Kultur Elkartearen sortzaileetakoa izan zela: zientzia-tekniken alorreko lehen euskal aldizkaria sortzeaz gainera, irakaskuntzarako hainbat material prestatzen eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen ere hartu zuen parte.

Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Institutuan (UZEI) lan egindakoa da, besteak beste, eta hiztegiak prestatzen UZEIn ere egin du lan, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Euskara Zerbitzuan eta Euskaltzaindian. 1983. urtean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak. 2006tik euskaltzain osoa da. Sarrera hitzaldia 2007ko ekainaren 2an irakurri zuen Donostian.

Temas

Euskera