Langabe donostiarrentzako doako euskara ikastaroetan izena emateko epea ireki edute

Langabe donostiarrentzako doako euskara ikastaroetan izena emateko epea ireki edute
F. de la Hera / DV

Donostian erroldatua, 18 urtetik gorakoa eta izen-ematea hasten den egunean langabezia egoeran izatea nahikoa izango da egitasmoan onartua izateko

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte udazkenean, eta ikastarootan parte hartzeko izena emateko epea irailaren 20ra arte dago zabalik. Ikastaroak urriaren 10ean hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira, eta klaseetara bertaratzea nahitaezkoa izango da. 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Matrikulatzea Donostiako edozein euskaltegi homologatutan egin daiteke, eta nahikoa da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasten den egunerako. Ikastaroek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:45era (ordu laurdeneko atsedenarekin).

Ikastaroen helburua da euskalduntzea indartzea eta gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. «Behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu», adierazi du Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.

Iaz, 119 lagunek parte hartu zuten ikastarootan eta ikasleen balorazioa positiboa izan zen. Parte hartzaileen %25ek euskara ikasten jarraitzea erabaki zuen hiru hilabete horien ostean. «Doako ikastaro horiek jaso eta gero, horietako ikasle batzuk euskara ikasten jarraitu zuten, motibatuta aritu diren eta euskara gaitasunean aurrera egin duten seinale», gaineratu du.