Kronista arabiarrek Vasconiari buruz idatzitakoa, liburu bakarrean

Ezkerretik eskuinera, Mikel Zalbide, Andres Urrutia, Jesús Lorenzo Jimenez, Jokin Azkue eta Irizar. /EUSKALTZAINDIA
Ezkerretik eskuinera, Mikel Zalbide, Andres Urrutia, Jesús Lorenzo Jimenez, Jokin Azkue eta Irizar. / EUSKALTZAINDIA

Jesús Lorenzo Jiménezen 'La vasconia peninsular en las fuentes árabes (años 711-929)' liburua argitaratu du Euskaltzaindiak

M. IMAZ

'La vasconia peninsular en las fuentes árabes (años 711-929)' liburua aurkeztu du astelehen honetan Euskaltzaindiak Donostiako Luis Villasante Ikergunean. Andres Urrutia euskaltzainburua, Mikel Zalbide euskaltzaina eta euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoko zuzendaria, eta liburuaren egilea den Jesús Lorenzo Jiménez irakasle eta ikertzailearekin batera, Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia eta Ander Irizar Euskarabidea Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria izan dira aurkezpenean.

Etxeberri Bildumaren barruan argitaratu du Euskaltzaindiak liburua, euskararen historia soziolinguistikoari eskainitako sortako zazpigarren alea delarik. Jesús Lorenzo Jiménezek kronista arabiarren testuetan Goi Erdi Aroko Vasconia penintsularra aipatzen duten notiziak bildu ditu, helburu bateekin: «Kronista arabiarrek utzi zizkiguten Euskal Herriaren –batez ere, Nafarroaren- historiari buruzko testuak birpentsatzeko tresna bat eskueran izatea».

Guztira, 195 notizia, 24 egile eta 30 testutatik ateratako laginak dira. Notizia edo berri-emate horietan aipatzen diren toponimo guztien azterketarekin ixten da liburua (guztira, 52 leku-izen). «Testu ugaritan barreiaturik dauden Vasconiari buruzko notizia guztiak bolumen bakar batean eskaini nahi izan ditugu eta, era berean, Europako hizkuntza batera egindako itzulpen eguneratu bat ikertzaileen eskuetan jarri», azaldu du egileak.

Iruñea eta Tutera, bi poloak

Kronika horietan, arabiarrak Nafarroako egungo lurraldeez arduratu zirela aipatzen du Jimenezek: «Lurralde honek dauzkan bi poloak aipatu zituzten bereziki: Iruñea eta Tutera».

Aurretiaz ere egin izan dira antzerako lanak, baina honek baditu bestelako berezitasunak, egileak berak adierazi duenez: «Liburu honetan agertzen diren itzulpenek ez dute aurreko besteekin lehiatu nahi; aitzitik, horien osagarri dira, pauso bat aurrerago joan nahian. Itzulpen hauek ikertzaileei zuzendurik daude bereziki eta ikertzaile horiek, edukiaz gain, beste kontu batzuetan ere jartzen dute arreta: nork idatzi zuen testua, zer baldintzatan eta abar. Originaletik ahalik eta gertuen dagoen testua eskaintzen saiatu naiz: berdin arabieraz ez dakitenentzako edo arabiera irakurtzen dakitenentzat».

«Testigantza zuzenen urritasuna dela medio, nahi baino gutxiago ezagutzen dugu Goi Erdi Aroa gurean. Eskuragarri ditugun jakin-iturri guztiak erabili behar izan dira, hortaz, argitze-lan honetan. Alde horretatik, iturri arabiarren testigantza saihestu ezina zen. Lan handi eta ederra egin du Jesus Lorenzok esparru horretan. Zorretan gaude berarekin», esan du Mikel Zalbide euskaltzainak.

Zalbide Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoko zuzendaria ere bada, eta etorkizunean argitaratuko diren lanen berri eman du: «Argitalpen hau Euskaltzaindiaren EHS proiektuan txertaturik dator. Euskarak eta albo-erdarek aldi eta alde jakinetan izandako bizimodua eta partaidetza-moldea aztertzen ditu EHSk, perspektiba soziolinguistikoa izanik ardatz. Gaurko liburu honen ondoan, gure deitura- eta leku-izenen osaera lexikogenesikoa aztertuko duena etorriko da. Bi elementu horien laguntzaz, Goi Erdi Aroko mintzajardunaren gure arteko gizarte-moldaera hein batez argitzea espero dugu hirugarren argitalpen batean».

Temas

Euskera