Kresala Zineklubak lau proiekzio egingo ditu abuztu eta irailean

'Familia sumergida' filmeko fotograma /
'Familia sumergida' filmeko fotograma

Abuztuaren 19an, 26an, irailaren 2an eta 9an ikusi ahalko dira 'Familia sumergida', 'Elephant sitting still', 'Dilili en Paris' eta 'Jesus', hurrenez hurren

DVDonostia

Lau film ikusteko aukera eskainiko du Kresala Zinekluba ekimenak; iazko Donostiako Zinemaldian sarituak, zinema jaialdiaren edizioko lagina ikusi ahalko dute Parte Zaharreko elkartera bertaratutakoek. Abuztuaren 19an, 26an, irailaren 2an eta 9an ikusi ahalko dira 'Familia sumergida', 'Elephant sitting still', 'Dilili en Paris' eta 'Jesus', hurrenez hurren.

María Alchék idatzi eta zuzendutako 'Familia Sumergida' (Argentina. 2018. 91 min) filmak hasiko du zikloa hilaren 19an, beraz. Sara Hernandez Zinea.eus atariko kritikari eta Tabakalerako Ikus-entzunezko programaren Koordinatzaileak aurkeztuko du filma.

Mercedes Morán, Marcelo Subiotto, Esteban Bigliardi, Diego Velázquez eta Laila Maltz dira aktore nagusiak; Buenos Aires hirian uda da, eta hutsik eta bero-bero dago. Marcelaren ahizpa hil egin da eta bera arrotz eta lekuz kanpo sentitzen da. Dolua pasatzeaz gain, ahizparen etxearen zatiketari aurre egin behar dio. Haren bizitzan alabaren lagun gazte bat agertuko da, laguntzeko prest, eta harekin batera bidaiak eta abenturak iritsiko dira. Egun nahasi horietan, beste garai bateko pertsonak eta elkarrizketak izango ditu galdezka; aldi berean, gero eta hurbilago sentituko du bere eguneroko bizitza. ZInemaldiko Horizontes saria jaso zuen ikus-entzunezkoak.

Abuztuaren 26an, 'Elephant sitting still' edo 'Da xiang xi di er zuo' (2018. 234 min) film txinatarra ikusiko dute. Hu Bo-k zuznedutako eta idatzitako lanak eskola-istripu bat du habiapuntu: zorigaiztoko lau patu elkartuko ditu. Lagun bat babesteko, Buk eskaileretatik behera bultzatuko du Shuai, institutuko harroputza; Buren ikaskide Lingek amarengandik eta errutinatik ihes egin nahi du, irakasleak hura seduzitu eta gero; Shuairen anaia nagusia, Cheng, bere lagun minaren suizidioaren erantzule sentitzen da; eta azkenik, Wang erretirodun gogotsuak ez du bere semeak egoitza batean barneratzerik nahi. Badirudi Manzhouli hirira ihes egitea dela protagonisten aukera bakarra. Diotenez, besterik gabe munduari jaramonik egiten ez dion elefante bat dago han eserita. Trena abian jarri aurretik, 24 ordu soilik izango dituzte euren bizitzak konpontzeko. Zhang Yu, Peng Yuchang, Wang Uvin eta Li Congxi dira aktore nagusiak.

Irailera arte

Irailera arte luzatuko da zinema-zikloa. 'Dilili à Paris' (2018. 95 min) film frantsesa hilaren 2an izango da ikusgai. Michel Ocelot-en ikus-entzunezkoa animaziozko filma da.

Dililik, Kaledonia Berriko neskatoak, bere lagun banatzailearen laguntza du Parisen, Belle Époque garaian, gertatzen ari diren neska gazteen bahiketa misteriotsuak argitzeko. Bere ikerketa-lanetan ohiz kanpoko zenbait pertsonaia aurkituko ditu eta argibide batzuk emango dizkiote.

Bestalde, irailaren 9an, Hiroshi Okuyamaren 'Jesus' (2018. 76 min. Japonia) ikusi ahalko da. Riki Okuma eta Yura Sato dira drama generoko ikus-entzunezkoaren aktore protagonistak.

Bertan, Yura mutil gaztearen familiak Tokio utziko du landazabal elurtsuan amonarekin bizitzera joateko. Eskola berrian moldatzen ikasi beharko du, eta kristau-ikastetxea da gainera. Hasieran harrituta geratuko da bera eta bere ikaskideak otoi egitera deitzen dituztenean, baina pixkanaka-pixkanaka ingurune berrira egokituko da. Egun batean, otoi egiten ari dela, aurrean Jesus txikitxo bat agertzen zaiola ikusiko du. Yurak Jesusi eskatzen dion nahi bakoitza egia bihurtuko da, eta Jainkoaren boterean sinesten hasiko da. Kutxabank New Directors saria irabazi zuen istorioak.

Temas

Euskera