Bi kontzertu atipiko Baionako bestetan

Bi kontzertu atipiko Baionako bestetan
Juantxo Lusa / DV

Oñatiko Ganbara abesbatza lehenik, uztailaren 26an, San Izpirituko 'La Collégiale' elizan; eta Andoni Aguirre (pianoa) eta Maitane Sebastian (txeloa) uztailaren 27an, Protestanteen tenpluan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Hamargarren urtez, Baionako besten baitan, Euskal kultur erakundearen eta Baionako Herriko Etxearen elkarlanari esker kontzertu atipikoak ikusi eta entzun ahal izango dira hirian, biak 18:00tan.

Lehena uztailaren 26an iraganen da, San Izpirituko 'Collégiale' elizan, Oñatiko Ganbara abesbatzarekin. Oñatiko Ganbara Abesbatza 1994an 12 gaztek sortutako ahots nahasien abesbatza da. Urtez urte, ilusio berarekin, taldea haziz joan da, egun, Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean, 30 pertsona inguruko taldea osatu arte. Errepertorioan mota eta garai guztietako lanak ikus ditzakegu: polifonia, folklorea, gospel, espiritualak… euskal folkloreak eta gaur egungo konposatzaileek abesbatzaren egitarauetan zati garrantzitsua osatzen dutelarik.

Bi hamarkada baino gehiago bete dituen honetan, Oñatiko Ganbara Abesbatzak hainbat lehiaketetan hartu du parte, eta horren fruitua, hainbat lehenengo, bigarren eta hirugarren sari, lan baten interpretazio hoberenaren saria, zuzendari hoberenaren saria… aitortza guzti hauek Euskal Herriko, Estatuko eta atzerriko abesbatzen lehiaketetan lortutakoak. Sari guzti hauetaz gain, Ganbara Abesbatzak hainbat jaialditan hartu du parte eta kontzertu ugari eskaini du, Euskal Herrian, Estatuan zein atzerrian.

Bigarrena aldiz, uztailaren 27an ospatuko da Protestanteen tenpluan, Andoni Aguirre & Maitane Sebastian bikoteak eskainiko duen kontzertu batekin. Baionako eta Iruñeako bi euskal musikari hauek ohiko euskal kantuak eta sorkuntzak uztartuko dituen kontzertu ederra eskainiko digute, munduko beste musikak ahantzi gabe (yiddish musika, esaterako).