Koldo Zuazok nazioartera egin du salto

Koldo Zuazo, artxiboko irudian/DV
Koldo Zuazo, artxiboko irudian / DV

Eibartar hizkuntzalariak 'Standard Basque and ItsDialects' liburua eman du argitara, Londresko Routledge etxearen bitartez

Londresko Routledge argitaletxe ospetsuak Koldo Zuazoren 'Standard Basque and Its Dialects' liburua argitaratu du aurtengo urtarrilean. Euskalkiak eta euskara batua dira liburuaren ardatz eta sei atal ditu.

Itzultzailea Gregor Benton (Cardiffeko Unibertsitateko irakaslea) izan da. Nahia Grandek egin ditu mapak. 141 orrialdeko argitalpena da eta 132 euroan dago salgai.

Lehenbiziko atalean euskararen historiari ematen dio begiratu bat, gehienbat haren zatiketa dialektal handiaren arrazoietan sakontzeko.

Bigarrenean euskalkien sorreraz eta bilakaeraz ari da. Mitxelenaren iritzia ontzat emanez, gaur egungo euskalkiak Erdi Aroan sortu zirela esaten du, eta baztertu egiten du antzinako euskal leinuen aztarna diren ustea. Euskalkien bilakaeran hiru epe nagusi daudela zehazten du:

1. Lehenbiziko epean bazterretako euskalkiak bereizi ziren: mendebalekoa (Araba, Bizkaia eta Deba ibarra) eta ekialdekoa (Zuberoa, Erronkari eta Zaraitzu).

2. Bigarren epe batean zatiketa hirukoitz bat gertatu zen:a) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; b) Nafarroa, eta c) Ipar Euskal Herria. Zatiketa hau Nafarroako Erresuma desegitearekin lotu daitekeela iradokitzen du egileak.

3. 18. mendeaz gero, «literatura euskalkiak» garatu ziren: a) Gipuzkoan, b) Bizkaian (hemen eredu bi agertu ziren), c) Lapurdin eta Nafarroa Beherean, herrialde biak bat eginda, eta d) Zuberoan. Literatura euskalki horiek garatzearekin zabaldu egin zen euskalkien arteko aldea.

Hirugarren atalean gaur egungo euskalkien sorlekuak zein izan ote zitezkeen azaltzen du Zuazok: a) Iruñea, garai batean Euskal Herri osoan eragina izan zezakeena; b) Gasteiz, mendebaleko eremu zabalean eragina izan zezakeena: Bizkaian, Gipuzkoako mendebaleko Deba ibarrean, Urolaldean eta Goierrin, eta Nafarroako mendebaleko Burundan, Ameskoan eta Lanan; c) Bizkaiko erdigunea, Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza, Bizkaian eragina izan zuena; d) Beterri eskualdea, Gipuzkoan eta, euskara batua egin denetik, Euskal Herri osoan eragina izan duena; e) Zuberoa, Erronkarin eta Zaraitzun eragina izan zuena. Ekialdeko eremu horretan, dena dela, 2 zenbait gertakarik oso eremu zabala hartu dutela aipatzen du eta horien sorlekua ez dagoela argi. Zuazok uste du ez litzatekeela baztertu behar aspaldi Bearnotik edo Huescatik zabaldu izana.

Laugarren atalean euskaldunek euskalkiei begira izan dituzten jokabideak erakusten ditu. Hiru aro nagusi bereizten ditu egileak:

1. 18. mendea arte euskalkiak «arazo» ziren idazleentzat, euskaldunek batak besteari ulertzeko oztopoa. Arazoa konpontzeko, euskara batu baten beharra aipatzen zuten.

2. Larramendirekin euskalkien aldeko jarrera indartuzen 18. mendean eta erabat baztertu euskara batu bat eraikitzeko asmoa.

3. 1960az gero, ikastola sortu eta euskara esparru guztietara zabaltzeko nahia agertu zenean, ezinbestekoa gertatu zen euskara batua,eta euskalkien aurkako jarrerak agertu ziren zenbait esparrutan.

Bosgarren atalean literatura euskalkiak erakusten ditu. Egileak alderdi on bat eta txar bi ikusten dizkie. Onuragarri gertatu dira hizkuntzak herrialde mailako batasuna gorde duelako. Alderdi txarren artean, berriz, euskaldun guztiendako eredu bakar bat egitea oztopatu izana eta euskalkiak bata bestetik gehiago aldendu izana aipatzen ditu. Horrekin batera, Bizkaian 19. mende amaieraz gero garatu ziren joera bi ere erakusten ditu: garbizaletasuna eta «jatorrizko euskar» berreraikitzeko ahalegina.

Seigarren eta azken atalean euskararen batasuna bere osotasunean erakusten du: 16. mendean hasi eta euskara batua sortu arteko bidea. Ondoren, euskara batuak ekarri dituen ondorioak eta etorkizunera begira osatu beharreko hutsuneak zehazten ditu Zuazok.

Temas

Euskera