Kirola eta natura uztartzen dituzten hiru orientazio zirkuitu berri Ulian

Kirola eta natura uztartzen dituzten hiru orientazio zirkuitu berri Ulian
Arizmendi / DV

Orientazio kirola sustatzea eta Uliako ingurune pribilegiatu ingurumen- eta natur-aberastasuna ezagutzera ematea dute helburu

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Ulia Interpretazio Zentroak, Gipuzkoako Orientazio Taldearekin (GOT) batera, publiko guztiei zuzendutako hiru orientazio zirkuitu jarri ditu martxan bi helbururekin: orientazio kirola sustatzea eta ingurune pribilegiatu honen ingurumen- eta natur-aberastasuna ezagutzera ematea.

Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagaren esanetan «orientazioa berez kirol bat da, badu bere liga, bere txapelketak... Eta guri aukera ona iruditu zaigu jendea naturara beste modu batean erakartzeko eta Uliara beste mota bateko jendea erakartzeko».

Orientazio zirkuituen funtsa mendi batean sakabanatuta dauden balizak aurkitzea da, horretarako mapa bat eta parte-hartzaileen orientazio gaitasuna erabiliz. Uliako orientazio zirkuitu honetarako, eta ahalik eta jende gehiagorengana iristeko, arduradunek balizen ordez Uliako leku zehatz eta esanguratsuak aukeratu dituzte, parte-hartzaileek leku horiek aurkitu behar dituztelarik, GOT-Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean eginiko mapen azalpenak jarraituz. «GOT-en laguntzarekin hiru zirkuitu diseinatu ditugu, bakoitza zailtasun-maila ezberdinarekin: lehenengoa hastapenekoa litzateke, hasiberrientzat eta familientzat; bigarren bat zailtasun-maila ertainarekin, kirol hau ezagutzen duen jendearentzat, treba daitezen; eta azken ibilbidea zailagoa eta luzeagoa da, adituentzat pentsatua».

Honela, Gipuzkoako Orientazio Taldeak hiru ibilbideak teknikoki diseinatzeko eta mapak egiteko ardura izan du, eta Cristina Enea Fundazioak Uliako leku esanguratsuenak aukeratu ditu jendeak ingurune berezi eta pribilegiatu horretako fauna, flora, geologia eta historiari buruz gehiago ikas dezan. «Behin partehartzaileek zirkuitua amaituta, Ulia Interpretazio Zentrora gertura daitezke emaitzak ezagutu eta zirkuituaren ibilbidean zehar bisitatu dituzten lekuen inguruan informazio gehigarria jasotzeko», adierazi du Orkolagak.

Urte osoan zehar egin ahalko den zirkuitu iraunkorra da honakoa, eta interesa duten pertsonek Ulia Interpretazio Zentrora jo beharko dute zirkuitu ezberdinen mapak dohainik eskuratzeko. Gainera aurten, lehenengo urtea izanik, parte-hartzaileek zozketa berezi batean parte hartu ahal izango dute, eta orientazioarekin lotutako sariak irabazi, hala-nola, mapak edota iparrorratzak.

Honakoa da Ulia Interpretazio Zentroaren ordutegia uztailean eta abuztuan: asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Informazio praktiko guztia zentroaren webgunean dago eskuragarri.