334 kilometro egin ondoren, Zarautzera iritsi da Euskarabentura uztailaren 24an

334 kilometro egin ondoren, Zarautzera iritsi da Euskarabentura uztailaren 24an
Euskarabentura.eus

Asteburua Lapurdin igaro ostean Gipuzkoara bueltatu zen hilaren 22an, eta Kostaldeko Donejakue bidea eta bestelako bidezidorrak jarraituz Bizkaira helduko da uztailaren 27an

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez. 2019ko hau bigarren edizioa izango da.

Donostiako Udalean Eneko Goia alkatearekin gosaldu ostean Zarautzera helduko da espedizioa uztailaren 24an. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiria, eta Miren Dobaran HPSko sailburuordeak egingo diote harrera.

Datozen egunetan Deba, Zestoa, Markina, Gernika, Bermeo eta Bilbo izango dituzte helmuga, hurrenez hurren, 31n Getxora heldu arte.

Uztailaren 20an sartu zen EuskarAbentura Lapurdira. Bidean Hendaiako Abbadia Jauregia bisitatu ostean Donibane Lohitzuneko hondartzara heldu ziren jzioquitarrak, itsasoko lehen bainua hartzeko. Eneko Gorri Miarritzeko Euskara Teknikariak Lapurdiko egoera soziolinguistikoaren berri eman zien ostean.

Hurrengo egunean itsasbazterreko Xenderatik Getaria eta Bidarte zeharkatu zituzten Miarritzeranzko bidean. Bertan bainatu eta bazkalduta autobusez bukatu zuten Baionara arteko etapa. 'Baiona Ttipian Bizi!' mugimendu altermundistako kideekin elkartu ziren krisialdi ekologikoaz aritzeko eta alternatiba posibleak eztabaidatzeko.

Astelehenean Gipuzkoara bueltatu zen espedizioa. trenez (TGVa lehenik, eta 'topo'a gero) egin zuten Baiona – Hendaia – Orereta zatia, Lezoraino oinez heltzeko. Bertan euskaldundu diren hainbat gazte atzerritarrekin solastu eta ideiak trukatzeko aukera izan zuten gazteek. Jatorri espainiar, txiletar, tupi guaraniar, txinatar eta alemaniarreko solaskide banarekin aritu ziren.

Gauean, espedizioan astebete bolondres egon den Laura Velak, Hitt Linguistics taldeko hizkuntza ikerlariak, 'Hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasuna' hitzaldi interaktiboa eskaini zien.

Uztailaren 23an kostako Donejakue bidea hartu zuen EuskarAbenturak. Lezotik Pasai Donibaneraino oinez heldu ostean, batelez gurutzatu zuten badiaren beste aldera, Pasai San Pedrora, 5 urte bete berri dituen Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko. Donostirantz abiatu ziren gero, Ulia mendian barrena, eta Zurriola hondartzan bainu freskagarria hartu zuten. Arratsaldean feminismoari buruzko mintegia eman zuten Lorea Agirrek (feminismoa eta euskaltzaletasuna), Isortze Formosok (autodefentsa feminista), Juanma Rodriguezek (gizonen desahalduntzea) eta Jaizkibel konpainiako Elisabet Olaskoaga eta Amets Mariscal (alardeen auzia).

Gogoratu EuskarAbentura APP-ak espedizioa gertutik jarraitzeko aukera eskaintzen duela: geolokalizazioa, etapa bakoitzaren inguruko informazio teknikoa, parte-hartzaileei buruzko bitxikeriak, argazkiak eta bideoak.