Kantaldia egingo dute Asteasun Pello Errotaren omenez

Erdian, Errota bertsolaria, 1896ko irudian. Joxe Zapirain eta Pedro Mari Otaño bertsolariak ditu alde banatan/Eustaquio Aguirreolea
Erdian, Errota bertsolaria, 1896ko irudian. Joxe Zapirain eta Pedro Mari Otaño bertsolariak ditu alde banatan / Eustaquio Aguirreolea

Errotaren eta bere garaiko hainbat bertsolariren bertsoekin osatutako kantaldia izango da, 22:00etatik aurrera Santa Kruz ermitan, Eñaut Agirre, Aitor Atxega eta Imanol Kamioren eskutik

DVDonostia

Eñaut Agirre, Aitor Atxega eta Imanol Kamiok egingo dute aurtengo solasaldi musikatua, ostiral honetan, maiatzak 17. Pello Errotaren eta bere garaiko hainbat bertsolariren bertsoekin osatutako kantaldia izango da, 22:00etatik aurrera, Santa Kruz ermitan.

Eñaut Agirrek hainbat sorta aukeratu ditu, eta Aitor Atxega gitarra eta baxuarekin eta akordeoia eta teklatua joko dituen Imanol Kamio musikariekin. Kontzertua prestatzeko aitzakiarekin, zenbait bertso jasotzen dituen disko labur bat grabatu du Asteasuko Udalak, eta kontzertuaren egunean bertan egongo da salgai.

Maiatzean bi ekitaldi antolatu dituzte udalerrian Errotaren heriotzaren mendeurrena dela eta. Bigarrena da oraingoa; Pello Errotaren eta bere garaikideen bertsoekin osatutako kantaldia, hain zuzen.

1840. urteko abenduaren 23an jaio zen, Asteasun, Errota bertsolaria, eta bertan zendu zen 1919an. Ogibidez errotari, bertsoa lanbide osagarri izan zuen. Euskal Herriak eman duen bertsolari onenetarikoa da. Mikaela Elizegik, bere alabak, Antonio Zavalari aitaren bizitzaren gorabeherak kontatu zizkion, eta Zabalak, elkarrizketa horietatik abiatuta, liburua osatu zuen: 'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua'.

Iaz, Pello Errotaren garaiko eta egungo bertsolaritza fusionatu zituzten Bernardo Atxaga, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Joxan Goikoetxea eta Xabi Paiak.

Temas

Euskera