Kanta dezagun 'Aita gurea'

Victor Pablo Perez zuzendariak 2016an estreinatu zuen kantata/Lusa
Victor Pablo Perez zuzendariak 2016an estreinatu zuen kantata / Lusa

Kanta dezagun Peñaflorida kondeak harmonizatu zuen otoitza eta kanta dezagun melodia gregorianoan. Horrela bururatu zitzaion aspaldi batean Ismael Fernandez de la Cuesta musikologoari. Juan Medina musikagileak berreskuratu du ideia eta kantata bihurtu

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Maisu askoren usteetan melodia bakarreko kantua den gregorianoa betiko eta gaurko musikaren muinean da. Izan ere, sortzaile frankoren esanetan, Musika klasikorik ez litzateke hitzak musika menderatzen duen doinu hori izan ezean. Ez klasikoa. Ez garaikidea ere. Pentsa ezazue Berlioz, Bruckner, Messiaen, Liszt edo Ligeti bezalako konpositoreek behin baino gehiagotan erabili izan dutela euren lanetan musika testura horren berezia duen kantu lau hori.

Egunotan irratsaio anitzek berreskuratu dute Pirinioetako Sabiñanigo herrian jaiotako Juan Antonio Medinak sortutako Aita Gurea Kantata. Bertan gure hizkuntzarekin, gure historiarekin eta gure musikarekin zerikusi handia duten kontuak elkartzen dira.

Esaterako: Ismael Fernandez de la Cuesta maisuak berak zuzendutako korua estreinakoz kantatu zuen, gregorianoz, Aita Gurearen bertsioa ez da ezagunena. Ez Aita Madinak harmonizatu zuena, Donostiako Orfeoiak darabilena Peñaflorida Kondearena baizik. Elkarrek 1985 urtean argitaratutako diskoan aurkitzen dena. Ezberdinak dira harmonizazio biak. Ezberdinak oso. Eta kantu gregorianoa jendarteratu, ezagutarazi zuen Burgoseko ikertzaileak Francisco Xavier de Munive e Idiaquezek egin zuena gustukoago izan zuen eta hori erabili bere koruarentzako. Juan Medinak aukera bera egin zuen. Bere hitzetan, «maite duzun hori ez duzu zertan aldatu behar. Eta nik Fernandez De la Cuestaren hautua eta harmonizazio horren zolitasuna maite ditut».

Badirudi Aita Gurearen hitzak beti direla berdinak. Ez horixe. Arreta handiari jarri zieten baI Fernandez de la Cuestak bai Medinak hitz horiei eta horretan Gasteizko Unibertsitateko katedraduna den Juan Apechea Peururena laguntza ezin estimatuzkoa izan zuten. Baditu teologo ospetsu honek lan sakon eta sendoak denetan ezagunena den errezo horren inguruan. Esaterako, 'Variantes del Padrenuestro en algunas variedades del vascuence navarro'. Orri mamitsu horietan Ultzamako, Aezkoako, Erronkariko, Salazarreko bailarak korritzen ditu tokian tokiko ñabardura guztiak erregistratu ahal izateko.

Gregorianoa, berez, latinez kantatu izan da, baina apurka-apurka herri-hizkuntzak erabiltzen hasi dira koruak. Horrexegatik, inor gutxi harritu zen aspaldi batean Fernandez de La Cuestaren abesbatzak Pater Noster Aita Gurea bilakatua abestu zuenean. Harritu ez zuen egin kantuak. Entzuleria txunditu bai ordea. Hainbeste, estreinaldiaren arratsean txalo zaparrada entzun zela amaieran.

Inork ez zuen espero katedralekin batera jaio zen kantu mota hori bilakaera ikaragarria izango zuenik. Baina izan du. Badira, egun, emakumezkoen koru gregorianoak eta abesbatzak elizetatik eta komentuetatik atera dira entzun aretoetan sartzeko. Juan Medinak aipatu zuen leku aldaketa honen garrantzia Sicut luna perfecta irratsaioan non bere Aita Gurea Kantata berreskuratu den uda hasi orduko: «Eliza batek gregorianoari ematen dion zolitasun berezkoa ezin da errepikatu entzungela batean. Gaurko konpositoreak ezin hori onartu beharko du eta beharrezkoak diren soinu aldaketak egin».

Zaragozan eta Teruelen egin zituen ikasketak Medinak. Irakasle onenekin: Luis de Pablo, Cristobal Halfter edo Zulema de la Cruzekin, esaterako. Konposizioa ikasi zuen. Baita musika elekktroakustikoa ere. Erroman den Espainiako Akademian izan da konpositore egoiliarra. Sari ugari jaso izan ditu eta 'Ángel evanescente' kuartetoa edo 'Fantasia para clarinete, cuerda y pequeña percusion' dira lan bereak. Bere ustez, sortzaileak munduaren ikuspegi propioa izan behar du. Eta horri estu heldu sortzen ari den biotartean.

Ikuspegi ahalik eta zabalena. Sustrai sendoak dituena. Espiritualtzat jotzen du bere burua Medinak. Baita bere musika ere. Baina ez erlijiosotzat. Madrilgo Kontserbatorioan Musika- Teknologiaren eta Informatikaren irakasle, oinpekoa ezarri zion berak Fernandez de la Cuestaren abesbatzaren Aita Gurearen bertsioari. Ozentasun handiagoa har zezan, kantua kantata bilaka zedin. Oinpekoaz gain, 897 segundo irauten duten orazioaren hitzei klarinete baxu baten eta kontrafagot baten sostengua eman zien. Bestaldetik, beharrezkoa izan zen, bere hitzetan, abesbatza gizonezkoena izatea. Agian ez da erabaki politikoki ortodoxoa baina bai ezinbestekoa, bere esanetan, musikari begira.

Aita Gurea Kantatak 20 minutu eskas irauten ditu. Proportzioek sakon kezkatzen dute konpositore teknologikoa den Medina. Horrexegatik, jakin badakigu, zehatz, otoitzaren hitzek 897 segundo dirautela. Bertako hitzordu gregorianoak, berriz, 132 segundo hartzen ditu.

Partitura salgai da interneten eta Victor Pablo Perez zuzendaria duen 2016ko estreinaldia erraz aurkituko duzue sarean.

'Santificavedi zure nombre sandua

Ssinvedi

Zure reinoa gure gana,

eginvedi zure borondatea

zeruan bezala lurreanere'

(Salazar bailara. XIX mendean. Doctrina en Bascuenze con preguntas y respuestas por el Padre Astete)

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos