Kaleko Arte Eszenikoen Nazioarteko Egun bat «ekintza artistiko horien agerikotasuna bultzatzeko»

Pedro Aunion Monroy akrobata bilbotarraren omenez hautatu dute uztailaren 7a; egun horretan zendu zen/Sergio Espinosa
Pedro Aunion Monroy akrobata bilbotarraren omenez hautatu dute uztailaren 7a; egun horretan zendu zen / Sergio Espinosa

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egun hori Kaleko Arte Eszenikoen Nazioarteko Egun ofizialki izenda dezan bultzatzeko, uztailaren 7a proposatu du Artekalek

DVDonostia

Uztailaren 7a Kaleko Arte Eszenikoen Nazioarteko Eguna izendatzeko proposatu du Artekalek. Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Eszenikoen Elkarteak gutun bana bidali die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalei, egun horretan beren udalerrietan ekintza eta ikuskizunak antola ditzaten, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egun hori Kaleko Arte Eszenikoen Nazioarteko Egun ofizialki izenda dezan bultzatzeko.

Elkarteak udalei bidalitako eskutitz horretan azaldu duenez, bere bazkideen bilkuran erabakita, Kaleko Arte Eszenikoen Nazioarteko Eguna sortzea proposatu dio NBEri, bere kide diren herrialde guztiek urtero ospatu dezaten.

«Gaur egun, bereziki gune publikoan garatzen diren arte eszenikoak ospatzen dituen nazioarteko egunik ez dago. Artekale elkarteak uste du nazioarteko eguna sortzeak ekintza artistiko horien agerikotasuna bultzatuko duela, herritarren aurrean zabalduz eta mundu guztiko erakundeetan bere babesari lagunduz«, dio gutunak.

Uztailaren 7a zergatik aukeratu duen azaltzeko, Artekalek gogoratu du egun horretan zendu zela Pedro Aunion Monroy, jatorriz bilbotarra zen artista, zoritxarreko istripu batean, Madrilgo Mad Cool musika jaialdiko aireko erakustaldi batean erori eta gero.

«30 metrotik behera erorita hildako akrobata, arte eszenikoetan gorputz eta arima aritzearen adibide argia da Artekalerentzat, bai eta antzezle, dantza langile, akrobazia, malabar, trapezio, magia, txotxongilo, bihurrikari, musika eta beste horrenbeste biltzen dituen antzerki, zirko eta dantzarekin lotutako ekintzetan lanbideak dauzkan arrisku eta arazoena ere», dio.

Modu honetan, Artekale elkarteak beharrezko izapideak bideratu ditu uztailaren 7a Kaleko Arteen Nazioarteko Eguna izendatzea lortzeko, Monroyren familiaren baimenarekin. Erakunde, pertsona eta kolektibo desberdinen atxikimenduak biltzeko webgunea jarriko dute martxan, Espainiako Gobernuak Nazio Batuen aurrean ekimena aurkeztea lortzeko.

Temas

Euskera