Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Garazi Arrula itzultzaile eta idazle nafarra
Kalean da aurtengo 'Hegats' aldizkaria, Garazi Arrulak koordinatutakoa

Kalean da aurtengo 'Hegats' aldizkaria, Garazi Arrulak koordinatutakoa

Hitzari lotutako hainbat diziplinatako sortzaileak mintzo dira Euskal Idazleen Elkartearen hedabidean, 'Hitz beste' goiburuaren pean

Viernes, 14 de diciembre 2018, 11:14

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskal Idazleen Elkarteak bere 'Hegats' aldizkariaren beste zenbaki bat plazaratu du, 56.a. Azken urteotan, ohitura da idazleren bati enkargatzea ale berriaren kontzeptu eta garapena, eta oraingo hau Garazi Arrula itzultzaile eta idazle nafarrak burutu du, 'Hitz beste' goiburuaren pean.

Literatur idazleez gain gidoilariak, artistak, antzezleak, ipuin-kontalariak, ikertzaileak eta kazetariak ere gonbidatu dituzte 56. zenbaki honetako orrialdeetan solas egitera eta gogoetatzera.

Ez orrialde guztietan, baina aldizkaria saiatu da aldez edo moldez aurtengo urteari errepasoa ematen. Kazetari eta idazle lanetan jardun dira, besteak beste, Ander Perez Argote, Yurre Ugarte, Bakartxo Arrizabalaga, Garazi Ugalde Pikabea, Ibon Egaña Etxeberria, Miel A. Elustondo eta Danele Sarriugarte Mochales. Irudi bitartezko idazketa egin dute Laura Ruiz Saenzek eta Nora Aurrekoetxeak. Sara Berasalucek egin ditu aldizkariko argazki gehienak.

'Hitz beste' da aldizkari osoa ardaztu duen kontzeptua. Garazi Arrula Ruizen esanetan, «irakurleez edo, hobeki esanda, horien gabeziaz kezkaturik gauden honetan, sortzaileengan eta espresiobideetan jarri dugu guk arreta. Aurtengo aleak 'Hitz beste' den horri erreparatu dio, hitza dialogoan jartzen baita hamaika sorkuntza adierazpiderekin».

Hasteko, bi marrazkilari jarri dituzte hizketan euren artean: Mikel Santos 'Belatz' eta Maite Mutuberria, biak nafarrak. Honela dio Ander Perez Argotek, elkarrizketaren koordinatzaile eta idazleak: «Literaturatzat dute euren eremua, baina kosta egiten zaie beren burua idazle kategorian kokatzea. Adokinak zapaldu nahi gabe marren gainetik ibiltzen denaren antzera ibiltzen dira haiek ere diziplinen arteko muga zehaztugabeetan, ezinbestean eroriz alde batera edo bestera. Azkenean, izena eman diote inorena ez den euren lur horri: istorio kontalariak. Eta orduan sentitu dira eroso».

Beste atal batean, hiru gidoilari ageri dira hizketan euren artean: Yurre Ugarte, Maider Oleaga eta Ximun Fuchs.

'Traumari hitzak' izenburuaren pean, Ibon Egaña literatura kritikariak emakume batzuen liburuak aztertu ditu: Agurtzane Juanenaren 'Esan gabe neukana' (Elkar, 2003) testigantza liburua, Eider Rodriguezen 'Politika albisteak' ipuina ('Eta handik gutxira gaur' liburukoa, Susa, 2004) eta Uxue Apaolazaren 'Mea culpa' (Elkar, 2011) eleberria. «Asko idatzi da indarkeria politikoa eta literaturaren inguruan. Baina beste enfoke batetik begiratu diogu, feminismotik; emakumeek zein leku izan duten gatazka horretan», adierazi du Egañak.

Beste artikulu batean, Miel A. Elustondok gogoeta egin du elkarrizketetako ahozko bizitasunaren eta hedabideko testu idatziaren artean dagoen tentsioaz.

Bada Miren Gaztañaga eta Oier Guillanen arteko elkarrizketa ere, abiapuntu moduan 'Stereo' eta 'Zauri Bolodia' lanak hartuta.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios