Kale ikuskizunen jaialdiak Zarautz hartuko du uztailaren 4tik 7ra

Kale ikuskizunen jaialdiak Zarautz hartuko du uztailaren 4tik 7ra
Amaxkar

Antzerki, dantza, zirku eta musika ikuskizunak egingo dituzte udalerrian. Erdiak euskal produkzioak izango dira, eta nazioarteko bi taldek ere parte hartuko dute, Frantziakoak eta Keniakoak, hain zuzen

DVDonostia

Bueltan da Kalerki Zarauzko kale antzerki jaialdia. Uztailaren 4tik 7ra bitartean, kale ikuskizunetako hainbat diziplina ikusteko aukera izango da: antzerkia, dantza, zirkua eta musika. Bere lana eskainiko duten konpainien erdia Euskal Herrikoak izango dira, eta gainerakoak kanpokoak. Azken horien arteko bi atzerritarrak dira, Frantziakoak eta Keniakoak hain zuzen ere.

Jaialdiaren lehenengo hitzordua uztailaren 4an izango da, ostegunean. Hortzmuga konpainiak 'Jule' antzezlana eskainiko du, umorea eta fantasiaz betetako emanaldia adin guztietako publikoarentzat. Frontoi Txikin izango da ikusgai, 19:00etan. Ondoren, 20:00etan, Munoan, 'Basoa' dantza pieza eskainiko du Dantzaz konpainiak, dantzaren bitartez errefuxiatuen esperientziak azaltzeko.

Jean Philippe Kikolas taldeak 'Calor' ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko ditu, 21:30ean eta 23:00etan, Torre Luzea parkean. Etxerik gabe bizi den hainbat pertsonaren arazoan oinarritu da, etxetik ihes egin behar izan dutenen egoeran, zehazki. Emanaldi hau ikusteko ezinbestekoa izango da aurretik txartela eskuratzea Modelo Aretoko takilan.

Eguna bukatzeko, Villa Manuelako (Photomuseum) frontoian, 22:00etan, Javier Aranda eta bere eskuak izango ditugu oholtza gainean, 'Vida' ikuskizunarekin. Formatu txikiko emanaldia, artista haundi baten eskuetatik, emanaldi ikusgarri batekin. Larunbatean ordu eta leku berean bigarren saioa eskainiko du. Aurrekoarekin bezala, emanaldia ikusteko ezinbestekoa izango da aurretik txartela eskuratzea.

Ostiraleko emanaldiei Ereintza Dantza Taldeak emango die hasiera, 'Gu Agustina' ikuskizunarekin. Pilota, emakumea, bertsolaritza, musika eta dantza uztartuko dira Frontoi txikian, 19:30ean. 20:00etan, 'Manez eta kobreak' abiatuko dira Modelo Aretotik. Musikariak eta sorpresa, kalez kale.

Akrobaten emanaldi ikusgarria ikusteko parada izango da Munoan, 22:30ean, publiko ororentzat. The Black Blues Brothers konpainiak Blues Brothers musika talde ezagunaren estetika eta musika oinarritzat hartuta emanaldi borobila eskainiko du.

De Vacas talde galiziarrak amaiera musikala emango dio ostiralari. Musika eta umorea izango dira protagonista Frontoi txikin, 23:30ean. Kanta herrikoiak beste era batera moldatu eta interpretatuko dituzte.

Cervantes dantzan

Hirugarren eguna, larunbata, gogotsu hasiko da ezkontza batekin, 18:30ean, Munoan. We-ding! dantza taldeak antzerkiaz eta umoreauztartuko ditu. Akrobaziek eta umoreak ere bere lekua izango dute Malas Konpañias Zirko Talderen 'Prozak' ikuskizunean.

Clown eta keinu antzerkia gustuko dutenek Frantziako Cie dé-Chainee konpainiaren ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute, 20:00etan, Lege Zaharren enparantzan. El Mono Habitado konpainiak 'Benditas' antzezlanaren hiru emanaldi eskainiko ditu Larrosategian: 18:30, 19:30 eta 20:30ean. Larunbata bukatzeko, 23:00tan, Munoan, Iron Skull konpainiak Miguel de Cervantes idazlearen biografia aztertuko du, 'No sin mis huesos' dantza emanaldian.