

Secciones
Servicios
Destacamos
n. azurmendi
ALKIZA
Miércoles, 4 de julio 2018, 18:20
Apurka-apurka, proiektuz proiektu, ari da gauzatzen Alkizako Udala, herriko beste eragile batzuekin lankidetzan, orain dela hamarkada bat irudikatzen hasi zen arnasa luzeko egitasmoa. «Alkizaren eta alkizarren garapena naturaren, gizakiaren eta kulturaren gainean eraikitzea», hain zuzen, intuizio moduko bat izan zen hasiera batean. Hiru ardatz horiei atxikitako ekimenak abian jarri ahala, herriaren eta herritarren etorkizun jasangarria bideratzen ari da.
Asmo orokor hura eta hiru ardatz horiek gogoratu eta azaldu ditu asteazken honetan Jon Umerez Alkizako alkateak herriak, eraberrituta eta berrindartuta dagoen Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren bidez, abian jarri duen azken egitasmoaren aurkezpenean. Koldobika Jauregi eskultore eta Ur Mara museoko arduraduna, Urruzola Txakolindegiko Garazi del Rey eta Fagus Alkizako dinamizatzaile Edurne Ayuso ondoan zituela aurkeztu du Umerezek 'Sormenaren kabia', sortzaile bati Alkizan hamabost eguneko egonaldia egiteko aukera eskainiko dion egitasmoa. Alkizako Ostatuak eta Lete Nekazaletxeak ere bat egin dute ekimenarekin.
Jon Umerezek gogoratu duen moduan, orain arte, batez ere 2012 urtean Hernio-Gazume ingurua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zutenetik, «naturari eman zaio lehentasuna, gizakia, bertan bizi den jendea alegia, kontuan hartuta betiere. Aurten, berriz, apustu berezia egin dugu, kulturari, hirugarren ardatzari, helduta».
Eta apustu berezi hori da «sormena astintzeko gune» bilakatzea Alkiza. Ba omen da, alegia, urtero-urtero Afrikatik Alkizara habia eta kumeak egitera etortzen den sai zuri parea. Alkizan pentsatu dute sortzaileek ere estimatuko dutela esku artean edo buruan duten proiekturen bat lasai hasi, garatu edo bukatzeko beta eskainiko dien habi moduko bat izatea, hasiera batean hamabost egunez baino ez bada ere. Alkiza «sormenerako toki aproposa» dela erakusteaz gain, frogatu nahi dute «kultura ez dela bakarrik hirietako kontua».
Deialdia nahiko irekia da, parte hartzeko baldintzak adinez nagusia izatea eta sormenezko proiektu bat aurkeztea baitira. Printzipioz, diziplina artistiko guztietako proposamenak hartuko dituzte kontuan (arte plastikoak, eszenikoak, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, literatura...). Proiektua, jakina, «Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen baliabide eta baldintzetara moldagarria izan beharko da».
Proposamenak bidaltzen hasteko epea ostegun honetan, uztailak 5, irekiko da, eta hilabetez egongo da zabalik, abuztuaren 6a arte. Jasotako proiektuen ezaugarrien arabera izendatuko dira sariduna aukeratuko duten adituak, eta horiek irailaren 3an emango dute erabakiaren berri. Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean argitaratuko da epaimahaia osatu duten pertsonen zerrenda, eta hortxe emango da aukeratua izan den proeiktuaren berri. Aurkeztutako lan guztien artetik bi aukeratuko dira. Bozka gehien lortu dituen artistak parte hartzeari uko egingo balio, automatikoki bigarren postuan geratu den sortzaileari eskaniko litzaizkioke egonaldia eta beka. Egonaldia irailaren erdialdetik urriaren erdialdera egingo da, antolatzaileek eta irabazleak adostutako egunetan.
Deialdian parte hartu nahi dutenek honako dokumentazio hau bidali behar dute, postaz (Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, Alkizako Plaza, 20494 Alkiza), emailez (kultura@alkiza.eus): datuak (izen-abizenak, helbidea, emaila, telefono zenbakia); proiektuaren deskribapena, artistak berak aukeratutako formatuan; CVa eta aurkezpen eskutitza edo bideoa, motibazioa azalduta, eta NAN edo pasaportearen fotokopia. Udaletxean bertan uztea ere badute. Proiektu irabazlea aukeratzeko orduan aintzat hartuko dira nagusiki originaltasuna eta koherentzia Fagusen hiru ardatzekin (natura, gizakia eta kultura).
Sormenaren Kabiak eskaintzen duenari dagokionez, hautatuak 15 egun igaro ahal izango ditu Lete Nekazaletxeko apartamentuetan, eta 1.000 euro jasoko ditu, dieta gisa, mantenu gastuetarako. Hiru gune desberdin izango ditu lanerako: Lete Nekazaletxea, Ur Mara Museoa eta Inazio Urruzola Txakolindegia.
Proiektuaren sustatzaileetako bat nazioarteko artearen mundua ondo ezagutzen duen eta atzerrian egonaldi ugari egindakoa den Koldobika Jauregi da. Orain dela zazpi urte zabaldu zuen jaioterrian Ur Mara espazioa, natura eta artea uztartzeko asmoarekin eta bete-betean murgildu da proiektu berri honetan. Sormenaren Kabirako aukeratuak nahi izanez gero, proiektua garatzeko aholkularitza eskainiko dio Jauregik.
Sustatzaileek garrantzi handia eman diote apal eta txiki jaio arren handitzeko borondatea duen ekimena herrian txertatzeari, «joan-etorriko harremanak» sortzeari, Sormenaren Kabiak «sortzaileen eta herritarren artean elkarlana eta sinergiak sortzeko aukera» eskainiko duelakoan. Horrenbestez, hautatuak prest egon behar du «egonaldiak irauten duen bitartean, noiz edo noiz, euren lan prozesua jendaurrean edo eta komunikabideen aurrean azaltzeko (tailer bat edo hitzaldi bat eskaniz adibidez)», eta jakina, egonaldian zehar «ingurumenareriko eta herritarrekiko errespetuz jokatzeko».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.