Agertokian, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Getari Etxegari eta Adrian Garcia de los Ojos Guillermo Casas

Kabaret bat Berlinen, faxismoak aurrera egin ahala askatasunak atzera egiten duela ez ahazteko

'Simplicissimus' kabareta zabalduko du bi egunez Donostiako Antzoki Zaharrean Tartean Teatroa konpainiak

Nerea Azurmendi

Donostia

Viernes, 14 de febrero 2020, 11:06

Ikuskizun abiatu berriaren indar, ilusio eta dirdiraz iritsi da Donostiako Antzoki Zaharrera azaroan Bilboko Arriagan estreinatu zen 'Simplicissimus' antzezlana, Tartean Teatroa konpainiak aurkeztua. Bi egunez ikusi ahal izango da bertan -otsailak 14 eta 15ean-, euskaraz, Patxo Telleriak sortutako pieza. Dramaturgiaren ardurarekin batera, zuzendaritzarena ere badu, Jokin Oregirekin partekatua, eta oholtzan dago antzezpenak irauten duen bitartean, Olatz Ganboa eta Getari Etxegarai aktoreekin eta Adrian Garcia de los Ojos aktore-musikariarekin batera. Antzezle eta piano-jotzaile bilbotarrak konposatu du hain zuzen kabaretaren ezinbesteko osagai den musika, eta beraxek jotzen du zuzenean agertokian, gainerakoen kantuen lagungarri.

Publicidad

XVII. mendeko alemaniar nobela pikaresko ezaguneraino -irakurle urtetsuenak horretan oinarritutako eta izenburu bereko telesailarekin ere akordatuko dira- luza litezke 'Simplicissimus'-en sustraiak, baina ez da horren urrun joan behar, Lehen Mundu Gerraren ostean Berlin Europako hiri bizienetakoa bilakatu zuten kabaret haietako baten izena baita antzezlanari eman diotena.

Umorearen mugak

Agertokira eta liburutegietara data bertsuan heldu zen 'Simplicissimus', Susa argitaletxeak EHAZE-Antzerkizale Elkartearekin batera sortu duen Ganbila bildumako lehen hiru liburuetako bat izan baitzen Telleriaren testua. Aurkezpenean, egileak adierazi zuen «umorearen inguruko hausnarketa» dela, umorearen mugen bila egindako bidaia, batik bat.

Kabaretaren bilakaeraren bitartez islatu du, alegia, nola doan estutzen umorearentzako eta kritikarentzako espazioa faxismoa indartu eta hedatu ahala. Kasu honetan, naziek jartzen dute atze-oihala, Berlingo kabaretek espiritua eta estetika, baina beste espazio eta denbora askotara eraman daiteke gaia. Gertukoetara ere bai.

«Areto bakoitzak, publiko bakoitzak, modu desberdinean erantzuten dio egiten diogun proposamenari»

«Egoera hori, une hori, aprobetxatu dugu Berlinen kabaret batzuk kokatzeko pertsonaia historikoekin, baina gure asmoa ez da izan dokumentala, baizik eta planteatzea umorearen erabilera desberdinak», azaldu du Telleriak. Horretarako, garai desberdinetako kabaretak irudikatu dituzte. Lehena «20ko hamarkada alai eta zoriontsukoa, non kabaretetan erabiltzen zen umore sexualki ausarta, desinhibitua, zentzu askotan oso modernoa».

Publicidad

Hamar urteren buruan, baina, asko aldatu ziren gauzak: «Naziak jada boterean daude Alemanian, baina oraindik badu indarra ezkerrak, eta kabaretak ezkerrekoak ziren, oso politikoak, borrokalariak». Jakina denez -«guztiok dakigu nola bukatu ziren gauzak», dio-, egoerak ez zuen onera egin, eta bost bat urte geroago ikusten dugu kabareta «gauza oso gordinen artean bizirauten. Hala ere, ezkerreko komikoek jarraitzen zuten lerroarteko umorea egiten, eta hori islatzeko irudikatu dugu kabaret erdi klandestino bat, non umorea eta denuntzia egin behar ziren ahopeka, modu oso sibilinoan, arrisku handiak hartuta».

Hiru komiko gogoan

Zirrikitu horiek ere itxi ziren, baina, eta heldu zen «historia hau kontatzera bultzatu gintuen momentua»: kontzentrazio-esparruetan kabaretak sortu zirenekoa. «Batzuetan presoek beraiek antolatzen zituzten, tristura arintzeko, elkarri animoak emateko, baina beste batzuetan guztiz kontrakoa gertatzen zen, eta borreroek beraiek behartzen zituzten kontzentzario-esparruetan zeuden komikoak -asko eta asko ezkerrekoak ziren, eta juduak- haientzako emanaldiak prestatzera. Hori ere irudikatu nahi izan dugu, nolakoa izango zen zure hiltzailearentzako egitea kabareta».

Publicidad

Egoera zirraragarri hori lotuta dago neurri handi batean 'Simplicissimus'-en omenaldi kutsua, antzezlanak erakusten duena pairatzea egokitu zitzaien Fritz Grunbaum, Kurt Gerron, eta Werner Fink komikoak baitituzte gogoan. Aurreneko biak Dachaun eta Auschwitzen hil zituzten, hurrenez hurren. Hirugarrenak lortu zuen bizirik irautea.

Barrea, ikuslearen esku

Bereziki landu den zuzeneko musika, abestiak, jantzi irudimentsu eta dotoreak... Den-dena du 'Simplicissimus'-ek ikuskizunaz gozatzeko eta une atsegin bat igarotzeko. Baina hori baino gehiago da.

«Batzuetan, ikuskizunak berak ematen du baimena gauza gordin batzuei buruz barre egiteko, baina ikusleak erabakitzen du»

«Umorea eta drama nahasten ditugu, eta kuriosoa da ikustea areto bakoitzak, publiko bakoitzak, nortasun propioa duela eta modu desberdinean erantzuten duela. Batzuetan, ikuskizunak berak ematen du baimena gauza gordin batzuei buruz barre egiteko, baina ikuslearen esku uzten dugu barre egingo duen edo ez erabakitzea. Toki batzuetan jendeak barre egiten du sano, eskrupulurik gabe, eta beste batzuetan gehiago entzuten dira barre txikiak, zalantzazkoak, 'ez dakit honek grazia edo amorrua ematen didan' pentsatuko balute bezala», azaldu du Telleriak, gogoratuz azken batean astintzea dela antzerkiaren funtzioetako bat.

Publicidad

Eskuartean dutenarekiko ezinbesteko «distantzia emozionala» hartzeko, trikimailuren batzuk eskaintzen dizkie antzezleei Telleriaren dramaturgiak. Ikusleei ere ondo etorriko zaizkie agian, bidaia ez baita nolanahikoa.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad