Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean izango da Julio Soto Agoizko saioa irabazita
Saioa Alkaizari batu zaio iruindarra eta azaroaren 19an erabakiko dira beste sei finalistak
A. Urbieta
Donostia
Domingo, 12 de noviembre 2023, 18:31
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako bigarren txartela banatu da jada eta Julio Soto iruindarrak eskuratu du Agoitzen jokaturiko finalaurrekoan garaipena lortu ostean.
Publicidad
270 lagun inguru bildu ziren Agoizko Kultur Etxean, aretoa lepo betez, txapelketako bigarren finalaurrekoa jarraitzeko. Julio Sotok lortu zuen puntu gehien (543,5) eta abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu zuen hala, aurreko astean Saioa Alkaizak egin bezala.
Sei bertsolari aritu ziren kantuan, zozketak erabakitako ordenean, Agoizko saioan: Ekain Alegre Gil, Idoia Granizo Uribarrena, Julio Soto Ezkurdia, Julen Zelaieta Iriarte, Xabat Illarregi Marzol eta Urko Gartzia Aleman. Maialen Belarra aritu zen gai-jartzaile lanetan; epaile, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu ziren. Julio Sotoren atzetik honela geratu zen sailkapena: Xabat Illarregi (529,5 punturekin), Julen Zelaieta (458), Ekain Alegre (457,5), Urko Gartzia (445) eta Idoia Granizo (409,5).
Horrenbestez, finalaurreko bakarra gelditzen zaio txapelketari, hain zuzen ere hurrengo igandean, azaroaren 19an, Lesakako frontoian (17:30) jokatuko dena. Hango pilotalekuan ariko dira kantari Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Orduan jakingo da zeintzuk diren zortzi finalistak.
Finala, abenduaren 2an Iruñean
Iruritan abiatu zen urriaren 7an 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta orduz geroztik egitasmoaren irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatzen ari da. 24 bertsolarik hasi zuten bidea eta dagoeneko finalaurreko bat besterik ez da geratzen, abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatu den finalean nortzuk arituko diren erabakitzeko.
Publicidad
Zortzi bertsolari lehiatuko dira bertan: finalaurreko bakoitzeko lehena eta puntuazioz sailkatu diren beste bostak. Bi saiotan banatuko da finala: lehendabizi zortzi bertsolariak jardungo dira eta ondoren puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoa egingo da. Arratsalde osoko jardunaren ostean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapelduna.
Gogoratu finalerako sarrerak salgai daudela dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión