Joxe Azurmendi filosofoaren inguruko kongresua

Joxe Azurmendi, 'Hizkuntza, nazioa, estatua' liburuaren harira egindako elkarrizketan. /Mikel fraile / DV
Joxe Azurmendi, 'Hizkuntza, nazioa, estatua' liburuaren harira egindako elkarrizketan. / Mikel fraile / DV

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak eta JAKINek antolatu dute «euskal pentsamenduaren ur-jauzia»

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Joxe Azurmendi euskal filosofoaren pentsamendua ezagutu eta ezagutzera emateko sortu dute Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateek, JAKINekin batera, filosofoaren ekarpenak euskal pentsamenduan izan duen eragina jaso eta landu nahi dituen kongresua.

«Sinesten dudalako ur-jauzi sisteman», hala esan zuen behin Joxe Azurmendik bere saiakeren zergatiaz galdetuta. «Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat.»

Esperantza horrekin 40 liburu eta 500 artikulu inguru idatziak ditu Joxe Azurmendik , azken mende erdiko Euskal Herriaren eta mundu aldakorraren lekukotza direnak. Bere obrak gizaberearen, kulturaren, nazioaren, pentsamendu sozialaren, filosofiaren historiaren, poesiaren, erlijioaren... esparruak bustitzen ditu eta erreferentzia dira euskarazko pentsamenduan.

Pentsamendu askea, basatia ere zenbaitetan, zorrotza eta eruditoa, zabala eta ulerkorra. Euskaraz egin du filosofia Joxe Azurmendik eta, darabilen euskara landuaz, euskarari ireki dizkio filosofia jasoaren bideak.

Ur-jauziaren emaria biderka dadin, UPV/EHUren eta JAKINen elkarlanetik, JOXE AZURMENDI. EUSKAL PENTSAMENDUAREN UR-JAUZIA kongresua sortu da abenduaren 11tik 13ra, Donostiako San Telmo Museoan egingo dena.

Azurmendiren pentsamenduak euskal kulturan izan duen eraginaren aitortza eta filosofo gisa euskal pentsalari, idazle, irakasle eta ikasleen artean duen erreferentzia eta ezagutza handitzea dira Kongresuaren beste xede batzuk. Horregatik, publikoari guztiz irekia izango da eta nahi duen oro bertaratu ahal izango da hitzaldiak entzutera. Kongresu honen anbizioa da Joxe Azurmendiren pentsamenduaren irismen zabalari eustea, bai gai aldetik bai eraginaren aldetik ere. Orain arte 30 hizlari gonbidatuk konfirmatu dute euren partehartzea; Lorea Agirre, Miren Azkarate, Agnes Cugno, Victor Gomez-Pin, Joseba Zulaika, hurrenez hurren.