Jone Makazagaren ikerketa saritu dute Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak
'Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta' proposamena nabarmendu du epaimahaiak
DV
Asteartea, 17 urria 2023, 12:47
Jone Makazaga Irurtiaren 'Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta' ikerlanari eman diote Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako GrAL Saria. Deialdira aurkeztutako gradu amaierako lan guztiak aztertu ondoren hartu du erabakia epaimahaiak. Aldiz, ikerketa proiektuen sarirako aurkeztu zen deialdia banatu gabe geratu da.
Itzulpengintzako eta Interpretazioko Graduko ikaslea, Konstantzako unibertsitatean (Alemania) 10 hilabeteko egonaldia egin zuen Makazagak graduko mugikortasun-programa bati esker. Sariketa honetarako egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu ditu hainbat autore latindar, besteak beste Virgilio, Ovidio, Martzial eta Senekaren poemak. Askotariko doinu eta neurriak erabili ditu hartarako.
Egileak topatutako zailtasunak eta emandako irtenbideak xehatu ditu, baliatu dituen itzulpen estrategiak azaldu ditu, eta poemak bertsotan itzultzearen mugei buruz hausnartu du, horretan doinuak duen eragina ere aintzat hartuz. Irabazleak 600 euroko diru saria jasoko du lanagatik.
Bertsozale Elkarteak -lehen urteetan Mintzolaren bidez- eta EHUko Mikel Laboa Katedrak elkarlanean dihardute 2013tik, besteak beste, bertsolaritzaren azterketa sustatzeko ikerketa deialdiak ateraz.
Sari honez gain, Makazagak narratiba eta poesia itzuli ditu, ingelesetik euskarara eta gaztelaniatik euskarara, hurrenez hurren. Easterako: 'Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik' antologia.