Jon Plazaola: «Gehienoi gauzak aldrebes ateratzen zaizkigula adieraztera nator»
Urretxuarrak azken bi urteetako bizipenekin, bereziki aitatasunak eman dion «ikuspegi berriarekin» ondo du 'AA Aita', ostiral eta larunbat honetan Lugaritz K. E.-an estreinatuko duena
Autoparodia «komedia egiteko kokaleku eta ikuspuntu» garrantzitsua da Jon Plazaolarentzat, batetik «jende aurrean» aritzeko «looserraren puntu dramatiko» hori askoz ere interesgarriagoa, «erakargarriagoa», egiten zaiolako irabazleena baino. Bestetik, errealitateak fikzioa «beti superatzen» duelako. Oinarri horiekin eta azken bi urteetako bizipenekin, bereziki aitatasunak eman dion «ikuspegi berriarekin» ondo du 'AA Aita', ostiral eta larunbat honetan Lugaritz K. E.-an estreinatuko duena etxean, Urretxun, aurrestreinaldia egin ostean. Sarrera oro agortuta, hiru aurkezpen gehiago ditu urte amaiera arte -azaroak 27 Jimmy Jazz (Gasteiz), 29 Escuela de Teatro (Iruñea) eta abenduak 4 Campos Eliseos (Bilbo)- eta 2026arekin helduko da bira.
Aitatasuna, hori bai, «aitzakia edo kontenedorea» dela dio Plazaolak «aita naizen ikuspegitik gauzez hitz egiteko». «Ikuspuntu ezberdina daukadala iruditzen zait bizitzaren, profesioaren, guztiaren aurrean. Eta 'AA Aita' hori kontatzera dator, bizitza aldatu zaidala». Hori bai, erantzun ororen jabe izan baino, nahiago du adierazi «gehienoi gauzak aldrebes ateratzen zaizkigula». Hala, Teo semearekin bizitakoez gain «bizitza profesionaleko hainbat gauza» azaleratuko ditu, artistei eta haien profesioari buruz sortzen diren mitoen aurrean B aldea ere mahai-gaineratzeko. «Ezezagutzatik» sortzen diren pentsaera horiek eta topikoak izango dira, noski, baina gehiago «komizitate tresna bezala, gehiegikeriatan erori gabe».
Noraino heldu eta zer eta nola kontatu ere maiz hausnartu du orekaren bila. 'Allí abajo' proiektuak «masiboki» ezagutzera eman zuenean lagunak eta ingurukoak babeste aldera asko itxi zela dio. «Jopuntuan-edo nengoenean tentatua egon nintzen, babesteaz gainera ezkutatzera bikotea-edo nuela. Baina konturatu nintzen: Zergatik ezin dut esan bikotea daukadala? Seme bat izan dudala?». Horren aurrean berak aukeratzen duen neurrian biluztearen aldeko hautua egin du. «Monologo honetan nire zati intimo bati buruz hitz egiten dut, baina uste dut umorearen ikuspuntutik eta jendeari ondo pasaraztearen ikuspuntutik».
Jokabide horrekin zein sareetan izan dezakeenarekin «batzuk oihartzun egiten dutela» jakitun da, baina baita ezin duela hura «kontrolatu». Hausnarketa horiekin batera promozioarena ere aterako du emanaldian, «nola ikusten garen maiz behartuta gure buruak, gure emanaldiak, promozionatzera, horren baitan dago-eta soldata edo irabaziko dugunaren ehuneko bat».
Plazaolaren emanaldiak eta, bereziki, ''Tu-Tum, Platz!' jarraitu zutenek ezagun duten bezala, ez da urretxuarrak aitatasuna mintzagai duen lehen aldiz. Aurreko showa haren semea, Teo, jaio eta hiru egunetara estreinatu zuen. «Egun hartan aitatasun bloke bat anekdota bat besterik ez zen izan, anekdota oso polita, nire semearen jaiotzaz hitz egiten nuelako, une horretan bizitzen ari nintzen guztiaz». Ostean, birak aurrera egin ahala blokea hazten eta zabaltzen joan zen jendearen aldetik «kuttuna» zela nabaritu zuelako. Orain 'AA Aita' oholtzaratzerakoan, hala ere, ez da erabakia hartuarazi diona. Edo ez behintzat arrazoi bakarra. «»
«Oraintxe honetan nire komedia eta drama iturri nagusia aitatasuna da eta uste dut stand up-ean norberaren bizipenek egiazkotasuna eta genuitatea ematen diotela materialari eta hortik jotzea erabaki dut», gehitu du.
Sortze-prozesua oso Plazaola izan dela xehatzen du. «Kaotikoa naiz eta hala izan da, ez naiz sekula hasten hasieratik eta blokeka osatzen joan. Ideia batzuk etortzen zaizkit, haiek garatzen ditut, gero beste batzuk, haien artean lotura ikusi eta blokeak osatzen doaz». Emanaldi berrian «inspirazio-iturri eta boikoteatzaile» nagusi izan omen da Teo semea. «Monologoan ere kontatzen dut, lehen aldiz ez dut sentitu ia zezenak harrapatu nauela, zuzenean Padilla sentitu naiz». Ez da 'lagundu' dion esparru bakarra, promo bideoetan ere bere papertxoa izan baitu. «Bera da nire bakarrizketa protagonista, kasu batzuetan biktima ere, eta nolabait inkorporatu behar nuen», dio barre artean. Ez omen da izango azkena.
Une gozoa
Euskal stand up-ak bizi duen une gozoa «harrotasun eta ilusio handiarekin» bizi eta ikusten du Plazaolak. Duela 25 urte animatu zen bera «urretxuar irlandar batek bultzatuta nolabait», oroitzen du, eta jende asko ikustea, are gehiago euskaraz ari direnean, oso pozgarria dela dio. Aitzindariak ahaztu gabe, uste du «orain inoiz baino gertuago» gaudela Euskal Herrian «panorama» edo eszena bat izateko. «Jendea animatuta dago, indartzera edo sortzen laguntzera. Garai hartan ikusten nituenetako aurpegi batzuk ikusten ditut eta hori izugarria da, baina erreleboa dago eta hori izugarriagoa da, oso pozgarria».
Bide horretan, gainera, poz berezia du ETB1n emititu zen 'Barre Librea' saioak egindako ekarpenagatik. «Harro baino harroagoa sentitzen naiz, euren materiala lehen aldiz probatzen izan genituen aurpegiak iragarri genituen». Haien meritua azpimarratzen du, telebista ez delako orokorrean «lekurik egokiena» stand up-a egiteko. Hala, Aitziber Garmendiarekin batera «plaza oso kuttuna, erosoa eta goxoa» sortu zuen.
Handik igarotako asko egun karteletan ikusteak «ilusio handia» egiten dio urretxuarrari eta jarraitzera animatzen ditu. «Ez da bide erraza, psikologikoki prestatua egon behar da denak ez direla sold outak, plaza handiak, txaloak eta barreak. Lan handia eta arraun asko egin behar da».