Jon Casenave hizkuntzalariak larunbatean emango du euskaltzain osoko sarrera hitzaldia
'Euskara eta euskal literatura soka luze bat bezala' izenpean izango da eta erantzuna Itxaro Bordak emango dio
Euskal idazle klasikoak gogoan izanik irakurriko du larunbat honetan Jon Casenave (Lapurdi, 1957) sarrera-hitzaldia Heletako (Nafarroa Beherea) Agerraldi aretoan egingo den ekitaldian. 'Euskara eta euskal literatura soka luze bat bezala' hitzaldiaren muina euskara bera izanen da: Casenavek bere haur- eta gazte-denborak gogoratuko ditu, herritik eta familiatik jasotako euskara bizia, eta batez ere euskal idazle klasikoen emari oparoaz gogoeta egingo du, azken urteotan ondo baino hobeto aztertua duen gaiaz.
Itxaro Borda euskaltzainburuordeak erantzuna emango dio Casenaveri. Lehunztarraren hitzei eutsiz, klasikoez jardungo du emazteki idazle lapurtarrak ere, euskal literaturako izen handi batzuen balioaz eta gaurkotasunaz; era berean, klasikoen zerrenda ohikoetan dauden (eta ez dauden) emakumezkoen izana aldarrikatuko du eta, nola ez, Casenavek XIX. mende hondarreko eta XX. mendearen hastapeneko autoreak ezagutarazteko egin duen lana nabarmenduko du.
Aurrez, 10:00etan soka-dantzan joango dira heletarrak Agerraldi aretora, euskaltzainak eta agintariak atzetik direla. Behin areto barnean daudelarik, herriko abesbatzak Telesforo Monzonen Heletarrak abestuko du, eta, ondoren, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Phillippe Etchepare Heletako auzapezak ongietorria egingo diete bertaratutakoei.
Casenave Euskal Ikasketetan doktorea da (Bordele Montaigne Unibertsitatea), Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua eta Iker zentroko kidea ere bada. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide (1993-2017) izana da anitz urtez. Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek, baita hainbat liburu publikatu ere, besteak beste: 'Zutaz amoroski' (1978, Ustela saila) poesia-lana, 'Itsu-mandoka: kontu xume, joko krudel' (1981, Hordago) narrazioa; eta 'De l'article de presse à l'essai littéraire: Buruchkak' (1910) eta 'Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?' (2012, Utriusque Vasconiae; 2021, Euskaltzaindia) saiakerak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.