Jokin Mitxelena donostiarra hautatu dute Nekatoenean egonaldia egiteko

Jokin Mitxelena donostiarra/EKE
Jokin Mitxelena donostiarra / EKE

'Puka' izeneko txakurraren istorio bat osatzeko, Hendaiako etxean izango da hilabetez gipuzkoarra

DVDonostia

Jokin Mitxelena donostiarra hautatu dute 'Nekatoenea' euskal idazle egonaldiaren bederatzigarren edizioan. Gauzak horrela, Hendaiako etxe horretan izango da hilabetez, udazkenean, 'Puka' izeneko txakurraren abenturazko istorio bat osatzeko.

Aurten berriz ere euskal sortzaile bat gerturatuko da Nekatoeneara, euskal literatura indartzeko ekimenaren 9. edizioan. Euskal Kultur Erakundea, Euskal Idazleen Elkartea eta NEKaTOENEa Euskal Itsasbazterreko IEZIren sorkuntza arloa dira antolatzaileak.

Idazle eta idazketa mota ezberdinak izan dira hautagaien artean. Horiek guzien artean, Jokin Mitxelena gipuzkoar ilustratzaile eta idazlea aukeratu dute egonaldia egiteko.

Mitxelena ilustratzaile bezala izan da ezagun hainbat urtez, baina denboratxo bat bada idazketan ari dela, lehiaketaren antolatzaileek azaldu dutenez. Nekatoenean eginen duen lau astetako egonaldian, 'Puka' txakurraren istorio bat osatzeko proposamena aurkeztu du, 8 inguruko haurrei zuzendutakoa.

Puka txakurrrak Pasaia Donibanetik ihes egin eta Hendaiarainoko biderako gertakaera eta abenturak idatzi eta ilustratuko ditu; mendiko bidezidorrak, itsasoko uhainak eta munstroen parajeak zeharkatuz. Donibanen hasi eta Hendaian bukatuko da hortaz, istorioa.

Temas

Euskera