Joanes Illarregi, nagusi Lesakako saioan
Azken finalaurrekoa lehiatuta osatu da finalean arituko den zortzikotea: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles
Iker Mendia
Astelehena, 20 azaroa 2023, 10:00
Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Igande honetan Lesakan lehiatutako Nafarroako Bertso Txapelketako azken finalaurrekoaren ostean horixe da datorren abenduaren 2an izango den finalekoan arituko den zortzikotea.
Lesakako udal pilotalekuan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, frontoia lepo bete duten 500 lagunen aurrean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Lesakako Udalaren eta Lesakako Bertso Eskolaren laguntzarekin. Beñat Astiz, Eki Mateorena, Josu Sanjurjo, Eneko Lazkoz, Mikel Lasarte eta Joanes Illarregi aritu ziren kantuan Alaitz Rekondok jarritako gaiekin eta euren jarduna Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelenak epaitu zuten.
Bertsolarien artean, Joanes Illarregik eskuratu zituen puntu gehien (525,5), eta horrenbestez, abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu zuen. Horrela gelditu da, zehazki, Lesakako saioko sailkapena: Joanes Illarregi (525,5), Eneko Lazkoz (521,5); Josu Sanjurjo (492,5); Eki Mateorena (458); Mikel Lasarte (453,5) eta Beñat Astiz (401).
Horrenbestez, argitu da zortzi finalisten zerrenda. Altsasuko, Agoizko eta Lesakako finalaurrekoetako hiru irabazleei, Saioa Alkaiza, Julio Soto eta Joanes Illarregiri alegia, puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie. Hauek dira finalistak:
1. Saioa Alkaiza
2. Julio Soto
3. Joanes Illarregi
4. Xabat Illarregi
5. Eneko Lazkoz
6. Josu Sanjurjo
7. Saats Karasatorre
8. Sarai Robles