Jatorriz euskaraz idatzitako literatur lanen itzulpenen Etxepareren sarian izena emateko epea, zabalik

Jatorriz euskaraz idatzitako literatur lanen itzulpenen Etxepareren sarian izena emateko epea, zabalik
Etxepare

Ekainaren 28ra arte dago irekita Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sarietan izen-emateko epea

DVDonostia

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariak bosgarren edizioa izango du aurten, eta hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 28ra arte dago zabalik. Ekimenaren xedea da jatorriz euskaraz idatzitako literatur lanen itzulpenak saritzea, «itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia«. Halaber, sariak »itzultzaileen ezkutuko lana« ere nabarmendu nahi du.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatur lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2018an argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintzaren, literaturaren edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.

Sari bakarra emango da, 4.000 eurokoa, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, bai eta literatur lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatur lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, publizitate kanpainak eta abar).

Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 28ra arte egongo da zabalik, eta sari banaketa ekitaldia irailaren 30eko Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan izango da, Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak aurrerago adostuko duten lekuan eta egunean. Itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta Laboral Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute epaimahaia.

Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan ildoekin bat egiten du sariak. Literaturan, itzulpenak egiteko diru laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du.

Temas

Euskera