Borrar
Oihane Enbeita, Andoni Gartzia eta Eneritz Zeberiok jaso zuten Joseba Jaka saria. ELKAR/YOUTUBE

Euskal kulturari ikusgarritasuna ematea aldarri, Elkar sarien banaketan

MA kolektiboak Joseba Jaka beka jaso du eta Euskal Memoria Fundazioa izan da Ibilbideari elkar sariaren irabazlea

Ostirala, 20 apirila 2018, 10:41

Comenta

Ostegun arratsaldean Elkar sarien hirugarren emate ekitaldia burutu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hainbat gonbidatu tartean zirela, Joseba jaka beka eta Ibilbideari elkar saria banatu ziren. Lehena bi urtetik behin ematen da, eta bestea urtero.

MA kolektiboak jaso zuen Joseba Jaka beka, 'Lua kastore' antzezlan proiektua garatzeko. Izan ere, etenaldi baten ostean Joseba Jaka beka berriro martxan jarri zenean, ez zen mugatu, lehen edizioetan zen bezala, literatur lanetara, eta sormen beka gisa eratu zen. Hori dela eta, aurtengo deialdia antzerkia lantzeko izan da. Bederatzi lan aurkeztu ziren deialdira eta Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Retolaza eta Jaime Valverdek osatutako epaimahaiak erabaki zuen beka ematea MA kolektiboak aurkeztutako 'Lua kastore' antzezlan proiektuari. Kolektiboko kide diren Eneritz Zeberio, Oihane Enbeita eta Andoni Gartziak jaso zuten saria, elkar Fundazioko Oihane Jakaren eskutik. 10.000 euroko laguntza haien proiektua gauza dezaten.

MA kolektibokoek era honetara aurkeztu dute haien proiektua: «'Lua kastore' barne bidaia ederra da. Antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen sorkuntza lan poetikoa da. Barne mundua azaleratzeko kode bat planteatzen du, gorputza bera espazio eszeniko bihurtuta. Gugan bizi diren argi eta ilunen adierazle plastikoa. Joskura hautsien jolas erritmikoa da Lua kastore, gizabanako bakoitzak gorputz barruan dituen ahots kontrajarriekin dantzatzeko prest datorrena. Galdera arketipikoak eta intimoak azaleratze ditu, hautura horrek argibide bat eman edo bide bat argitu dezakeen esperoan.»

Beka emateko erabakia honela arrazoitu du, berriz, epaimahaiak: «Oso berritzailea iruditu zaigu egitasmoa: gaitegian ere berritzailea da (kontzientzia anatomikoa duelako ardatz), baina, batez ere dramaturgia-proposamena da berritzailea, nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena, eta komunikatzeko zein eszenaratzeko bide berrietan arakatzea helburu duena».

Ibilbideari saria

Sari hau Euskal Memoria Fundazioak lortu du aurten. Euskal Memoria Fundazioak Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi du Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta.

Bi balio ikusi ditu Elkar Fundazioak, «bere egiten dituenak eta oso garrantzitsu jotzen dituenak». Batetik, «geure buruaren jabe izateko ahalegina, garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea». Bestetik, transmisioa: «Herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena. Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin».

Jon Jaka, Iñaki Egaña eta Joxemari Sors.

Egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea izan dezan esperantzarekin, 2018ko Ibilbideari elkar saria, Euskal Memoria Fundazioarentzat. Gotzon Huegun artegile lasartearrak egindako artelana jaso dute sari gisa. Saria Iñaki Egañak, Euskal memoria Fundazioko ordekariak jaso zien Joxemari Sors eta Jon Jaka, Elkar Fundazioko lehendakaria eta idazkariaren eskutik.

Ekitaldia Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak itxi zuen, eta gogora ekarri zuen Elkar Fundazioak berriki aurkeztu duen Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa. Azpimarratu zuenenez, «kezkatzekoa da euskaldunek euskarazko liburuak irakurtzeko duten ohitura txikia», eta adierazi zuenez, «etsipenean erori ordez, euskaldunen multzo hori erakartzea erronka gisa hartu eta horretara jartzea da aurrera egiteko modu bakarra». Azpimarratu zuen euskal sortzaileen artean dagoen maila eta kalitatea inoizko onena dela, eta eskaintza ugaritu eta euskal kulturari ikusgarritasuna ematea planteatu ditu egoera hobetzeko bide gisa. Hala ere, adierazi du ikusgarritasunak bakarrik ez duela behar den emaitzarik emango «azterketaren arabera, jendeak euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia bada euskaraz irakurtzeko ohitura edo erraztasun falta». «Euskara ardatz izango duten hizkuntza eta kultura politika eraginkorren beharra» azpimarratu zuen, eta horiek administrazioaren eta eragileen artean egin behar direla adierazi. Elkar Fundazioaren prestasuna agertu zuen bide horretan lanean segitzeko, «behar den guztiarekin elkarlanean».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal kulturari ikusgarritasuna ematea aldarri, Elkar sarien banaketan

Euskal kulturari ikusgarritasuna ematea aldarri, Elkar sarien banaketan