Bertso urtea abiarazteko, Iruñeko finalaren oihartzunak
Asteazken honetan, Donostiako Dokan, zortzi finalistetatik sei ariko dira bertsotan, eta beste zenbait hitzordu ere badituzte hurrengo egunotan
m. imaz
Lunes, 2 de enero 2023, 13:20
Kostata itzaliko dira abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, entzun ziren bertsoen eta txaloen oihartzunak; are zailagoa izango da horiek ahaztea kontuan izanda bertso urtearen hasierako hainbat saiotan hartuko dutela parte finaleko protagonistek.
Publicidad
2023ko agenda Donostian irekiko da astearte honetan, urtarrilaren 3an, 19:00etan Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze ariko baitira puntutan, Unai Elizasuk gaiak jarrita. Geratzekotan, sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratuko.
Biharamunean, urtarrilaren 4an, Amurrioko Antzokian dute hitzordua zortzi finalistek, 19:00etan. Amurrioko finalisten saioa urterokoa da eta aurten argazki berritua aurkeztuko du kartelean. Herriko Udalak antolatutako saioan Aintzane Irazustak jarriko ditu gaiak.
Errege bezperan, urtarrilaren 5ean, 22:30ean Oñatiko Zubikoa pilotalekuan elkartuko dira Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze, Aritz Iza gai-emaile dutela, herriko Bertso Eskolak antolatutako saioan.
Errege Egunean, berriz, Bertsolata jaialdia izango da Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 19:00etan. Hernaniko Bertso Eskolak antolatutako jaialdian Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze ariko dira Iker Ormazabalen esanetara.
Publicidad
Astea amaitzeko, igandean, urtarrilak 8, Etxerat bertso saioa egingo da Oiartzunen, Elorsoro kiroldegian, 17:00etan, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze tartean direla. Zortzikoteari gaiak proposatzeaz Amaia Agirre arduratuko da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión