Iruñean kalez kale

Iruñean kalez kale
Jesus Diges / EFE

Sanferminetan bagoaz Iruñara, bai horixe. Unibertsitaterako bidea maiz hartzen dugu, jakina asko. Ospitalerakoa ere, tamalez. Baina izan al zarete inoiz Navarrorum Erresumako hiriburuan uda bukatzear delarik? Abuztuko azken eguzkiak eta iraileko estreinako malenkoniak hartutako kaleetan gora, kaleetan behera?

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Turistak baziren. Artean. Baina ez ziren bazar txinatarretan erositako arropa zuri gorriez jantzita. Turistak baziren eta Sanferminetako aztarnen bila, lasai asko, emozio, lilura handiz begiratzen eta zapaltzen zuten enzierroetako ibilbidea; erosoegi, akaso, sentitzen ziren jendetzarik gabe horren txikia dirudien txupinazoaren plazan.

Turistak baziren. Baina ugariagoak suertatzen ziren Donejakue bideari bertan ekiten zioten erromesak. Hain ugariak ezen badira denda franko non bere abentura mistikoan beharko duten ia guztia saltzen dute, maskorrak zein eko oinetakoak, makilak zein elastikoak.

Iruñean abuztuko azken egunetan, iraileko lehen gauetan. Sargoria eguerdiz, izarrak gauez Takoneran. Bukatuak ziren festa guztiak. San Agustin kalekoak ere. Abuztuaren 30ean ospatzen dute bertakoek hango zaindaria den santua. Caldereriaren ondokoa da San Agustin eta fier, harro, edozein borrokarako prest dira beti bere biztanleak.

Urtearen zortzigarren hilaren azken-aurreko egunean goiz goizetik ekin zioten festari. Era solidarioan, adineko auzokideak bisitatuz. Imajina dezakezuen bezala, zaharrak, zaharrak oso dira San Agustin kaleko etxeak. Igogailurik gabe, zapaltzen dituzula dar-dar egiten dute eskailerek. Zaharrak etxeak, zaharrak han bizi direnak. Esaterako, 91 urte dituen Bermeoko arrantzale sendi baten azkena den amona.

Kafea eta txokolatea eraman zizkieten San Agustineko aitona-amonei San Agustineko gazteek. Eta gero gerokoa, festa, kalejira, dantza. Eta erreibindikazioak. Zutik dirauten taberna eta denda eder askoren aurrean, harrizko jauregi eta elizen artean. Zezen plazatik ez hain urrun, Navarreria gune erreboltaritik hurbilean.

Sutan eta alegrantzian daude beti inguru horiek, Katedralaren ondoko horiek! Etxabeetan ireki izan dira taberna antzekoak. Solasadian zein garagardotan ibiltzen ziren bakazioetako azken sargorian neska mutilak. Eta turistak, txundidura bizian. Eta erromesak martxa arinean. Eta 12 tonako Maria izeneko kanpaia orduak joaz. Eta eskaleak, eskean. Eta Salsipuedes karrika misteriotsu horren burdineko ateak giltzaz itxita, beti bezala.

Iruña abuztuko azken sargoripean, iraileko hasierako lehen izarren argi hotzpean. Gaztelu plazako kioskoan inor ez zen lotan, sanferminetan ohi moduan. Lasai ziren kafe dotoreetako terrazak. Jendetza ordea La Turroneria izozkitegian. Jendetza ere Kale Nagusiko J.Ataun oinordekoen dendatxo estuan. Saltzen dira bertan Nafarroako gastronomiaren ikurretako bat diren txantxigorri opilak, txerriki frijituez, ogiaz, kanelaz eta azukrez egindakoak.

Erosle eta kuxkuxero anitz Mañueta kaleko planeta osoko garagardoak eta Terueleko urdaiazpikoa salgai dituzten saltokietan. Mañueta… han jaio zen Sabicas, pareko eta lehiakide gutxi izan duen gitarra-jole handia. Eta Mañueta barrenean, merkatua. Eta merkatuaren plazan lagunak dantzan, eskusoinuaren konpainia gozoaz, sartaldeko eguzkipean.

Iruñea oporretako azken minutuetan. Ezkabe mendiaren babespean, Arga ibaiaren itzalean. Recoletas mojak beharrean eta errezoetan komentuan. Katakrak liburudenda/jatetxe/ateneo biltzar bidezkoan irakurtzeko, jateko eta protesta egiteko mila proposamen ukaezin. Malenkonia autobus geltokian eta Bi Ahizpa haitzen besarkada latz baina, aldi berean, gozoa.