Ipuin «deserosoak, deskolokatzen dutenak» idazten jarraitzen du Zalduak

Iban Zaldua, liburu aurkezpenean/Sara Santos
Iban Zaldua, liburu aurkezpenean / Sara Santos

Ohi bezala, donostiar idazleak gogorarazi du fizkioa oso tresna eraginkorra dela errealitatean arakatzeko

FELIX IBARGUTXI

Iban Zalduak (Donostia, 1966) bere hamaikagarren ipuin-bilduma plazaratu du: 'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' (Elkar argitaletxea). Euskal gatazka izan da idazle honen ohiko gaietako bat, eta oraingoan ere liburuko orrialdeen erdiek horretaz dihardute. «Euskal gatazka bera baino gehiago, oraingoan, gatazkari buruzko errelatoa hartu dut gai moduan. Baina liburua ez da soilik gai horri buruzkoa, bizitzaren miseria txiki eta handiei buruzko literatura egin nahi izan dut, eta literatura, zinema eta komikia ere bizitza dira niretzat», adierazi zuen Zalduak atzoko aurkezpen ekitaldian.

Azken lau urteotako ipuinak ekarri ditu bildumara, eta lehenagoko bat edo beste ere bai. Liburuaren izenburuak aditzera ematen duen bezala, ipuinetan zehar behin baino gehiagotan agertzen da sekretuak errebelatzearen eta ez errebelatzearen gaia.

Zaldua, nerabezaroan, zientzia fikzioaren zale amorratua izan zen. Gero ez zen aitortzen ausartzen, baina badira urte batzuk argi eta garbi txertatzen dituela osagai fantastikoak bere istorioetan. Halaxe, arrarotasun sentsazioa transmititzen dute bere istorio askok. Ipuinetako batean, adibidez, superbotereak dituen ETAkide bat agertzen da.

Esanda bezala, euskal gatazka -'Gauza' edo 'La cosa', bere argotean- maiz hartu du material literario moduan. «Badira hogei urte horretaz idazten hasi nintzela, eta azaroan horrelako ipuinen bilduma aterako dut Galaxia Gutenberg etxearen bidez», iragarri du. «Dena dela, euskal gatazkari buruz hitz egiteko, idazleon lana ez da hain inportantea, garrantzi handiagoa dauka kazetarien lanak».

«Ipuinak aiztoak dira»

Ohi bezala, aldarrikatu du fizkioa oso tresna eraginkorra dela errealitatean arakatzeko. «Errealitateari azpiak ateratzen saiatzen naiz, erealitatea hezurretan utzi nahi izaten dut», gaineratu du. Aurreko liburuen aurkezpen ekitaldietan bezala, halako manifestu bat ekarri du kazetarien artean banatzeko. Izenburua, 'Ipuinak aiztoak dira', eta azpititulua, 'Metafora zaharrunoz osatutako panfleto bat'. Hona hemen bertako hasierako pasartea: «Poesiak errealitatea kolpatu dezake, ez naiz ni kontrakoa esaten ausartuko, baina fikziozko narrazioek, ondo egiten badute beren lana, erditik moz dezakete errealitate hori bera, edo, behintzat, albo batetik, azalaren -eta, batzuetan, are gantz ehunaren- azpian dagoena agerian utziz». Liburuaren azalean ere -Unai Aranak diseinatua- laban batzuk ageri dira, baina diseinatzaileari berari otutako ideia izan omen da.

«Suitzar laban horietako bat izan nahiko luke bilduma honek», jarraitu zuen atzokoan. «Erabilera anitzezko atal ezberdinez osaturikoa». Alegia, liburu honetako gaien aniztasuna azpimarratu du.

Aurreko batzuetan bezala, Ana Malagon idazle adiskidea izan zuen aurkezpen-laguna. Honentzat, «ohorea» omen da horrelako ekitaldian parte hartzea, eta azpimarratu zuen familia dela kontakizun hauetako beste gai oso indartsu bat; «familia, bere disfuntzio guztiekin eta bere sekretu guztiekin. Eta teknologia berriek gugan duten eragina ere azaltzen da, modu inkietantean». Zalduak euskal gatazka tratatzeko duen modua honela deskribatu zuen idazle honek: «Iraganetik altxatzen zaizkigun mamuak ageri zaizkigu. Batzuek esango dute Iban ekidistantea dela, eta ez nago ados, ez baita posizionamendu koldarra. Azken batean, gatazka beraren absurdoa agertzen digu».

Beste lagun bat ere gonbidatu zuen aurkezpenera, Aitor Arregi zine zuzendari eta gidoilaria. Zalduaren aurreko ipuin bildumatik 'Ama' izenburuko alea hartu eta film laburra egin du, orain editatzen ari dena. «Idazle singularra da Iban, desberdina -adierazi zuen Arregik-. Idazle honen ipuinek deskolokatu egiten zaituzte, deserotasuna eragiten dizute, eta hori sentsazio atsegina da niretzat. Honen ipuinetan beti dago zerbait arraroa, ezohikoa. Badakigu Iban ez dela ni-aren literaturaren zale, baina bere ipuinetan segituan nabaritzen dira bere neurak. Zintzoki idazten baitu».

Liburuak 32 ipuin dakartza, gehi kontrazalean datorrena. Batzuk luze samarrak dira, besteak askoz laburragoak. «Esan izan didate nire ipuin luzeak hobeak direla, baina ez dakit nik...», esan zuen Zalduak. Estilo eta gaien aldetik oso anitzak dira. Hondela deskribatu ditu Elkar argitaletxeak: «Egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak, fanatsiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, eukal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa-bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, irokikoak... Fikzioaren festa bat, azken batean».

Honen aurretik, 2014an 'Inon ez, inoiz ez' ipuin bilduma atera zuen 2014an. Dena dela, azken liburua saiakera tankerakoa zeukan: oarin ela bi urteko '(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)'.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos