'Ingurumen digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara' jardunaldiak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak

'Ingurumen digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara' jardunaldiak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak
Euskaltzaindia.eus

Beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak azalduz, euskalgintzarekin batera, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean aurrera egitea dute helburu

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, Donostian, Tabakaleran, 2019ko irailaren 12an (egun osoa) eta 13an (egun erdia) ospatuko dira 'Ingurumen digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara' jardunaldiak.

Jardunaldien helburua XXI. mendean euskararen estandarizazioa nola bizkor daitekeen garatzea da, garai hauetan egunerokoa eta ezinbestekoa bihurtu den ingurune digitalaren bitartez. Halaber, beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak ere azalduz, aurrera egitea euskalgintzarekin batera, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean.

Egitasmoak Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Kutxa Fundazioaren babesarekin burutuko da.

Egitaraua

Ingurune digitala eta XXI. mendean Euskararen estandarizazioa zein baldintzatan eta zer ezaugarrirekin ematen den aztertuko du lehen hitzaldiak, irailaren 12an, Andres Urrutia eta Andoni Sagarna euskaltzainen eskutik. Hildo berari jarraituz, Miriam Urkia eta Miren Azkarate euskaltzainek, Guillermo Rojo RAEko kideak eta Víctor Fernández Real Academia Galegako kideak akademiek estandarizazioan duten zeregina jorratuko dute ondoren.

Atsedenaldi labur bat egin eta gero, Itxaro Borda idazle euskaldunak moderatuko du hurrengo hitzaldia, non Mathieu Constant (Analyse et Traitement Informatique de la Langue Française - CNRS & Université de Lorraine), Fryske Akademy-ko Hans Van de Velde eta Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana-ko Benazet Dazéas-ek parte hartuko dute.

Bazkaolstean, Andres Alberdi eta Mikel Zalbide euskaltzainek euskararen estandarizazioa ebaluatzeko bideez arituko dira, orokorrean eta ingurune dijitalaren esparruan. Jardunaldien lehen egunari euskararen estandarizaziorako ingurune digitalaren baliabide linguistiko eta sozialen inguruko hitzaldiak emango dio amaiera. Patxi Zabaleta eta Amaia Jauregizar euskaltzainek moderatutako dute mintegia, eta Ainhoa Arregi (UZEI), Josu Aztiria (Elhuyar), Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea) eta Adorez Hiztegiakeko eta Labayru Fundazioko ordezkariek hitzaldiak eskainiko dituzte bertan.

Irailaren 13an berriz, hizkuntzen estandarizazioan akademiek duten papera jorratuko da Andoni Sagarnak aurkeztu eta Institut d'Estudis Catalans-eko Joaquim Rafel-ek emango duen hitzaldian. Jarraian, Paskual Rekalde euskaltzain urgazleak RAEko kide den Salvador Gutierrez aurkeztuko du, eta hizkuntzaren estandarizazioa eta gizartearekiko zerbitzua aztertuko dituzte.

Adolfo Arejita euskaltzainak, Miriam Urkia euskaltzain osoa, Aitor Maritxalar, teknologia berrietan aholkularia, eta Battittu Coyos-en arteko elkarrizketa gidatuko du, Euskaltzaindiaren ekarpenak aurkezteko xedearekin. Ondoren, Xarles Videgain euskaltzainburuordeak, Analyse et Traitement Informatique de la Langue Française - CNRS & Université de Lorraine-eko Gilles Souvay, Real Academia Galegako Iolanda Casal, Hans van de Velde eta Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana-ko Vicenç Rivière-en arteko mintegia zuzenduko du, non estandarizazioaren gizarteratzea eta ingurune digitalaren inguruko hainbat esperientziaz arituko dira.

Azkenik, Andres Urrutia eta Andoni Sagarnak ondorioak aurkeztu eta jardunaldiei amaiera emango diete. Bertaratzea dohainik bada ere, irailaren 9arte egongo da izena emateko epea zabalik, info@euskaltzaindia.eus helbidean edota 944158155, 943428050, 948223471 eta 0559256426 telefono zenbakietan.