«Gai indartsuak» eta «lan originalak», gipuzkoar ugari gailendu diren Azkue sarietan

Saria irabazitako gazte taldea/Euskaltzaindia
Saria irabazitako gazte taldea / Euskaltzaindia

Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dituzte Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan; aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Aurten, «lan originalak eta gai indartsuak» ikusi dituzte epaimahaikideek, idazle gazteek grina eta heldutasuna erakusten dutela azpimarratuz. «Ondo landutako gaiak ikusi ditugu, eta, era berean, hausnarketarako bide ematen dutenak», adierazi dute epaileek. Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dituzte Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sari-emate ekitaldian, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martínez BBK Fundazioko buruak parte hartu dute.

Akademiak berak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusia. Orain arte egin duten moduan, bi genero saritu dituzte Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, betiere Euskaltzaindiak izendatutakoak. A mailakoa, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gasenik osatu dute. B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta aritu dira lanak ebaluatzen.

A mailako narratiba atalean, Oihane Retegi Arruti errenteriarrak eskuratu du lehen saria, 'Berri txarrak besterik ez' lanagatik. Haurtzaro ikastolako ikaslea da, eta Maider Lekuona du irakasle. Bigarren saria 'Eguzkiaren itzalpean' sortu duen Mattin Etxebeste Sanzberrok eskuratu du (Oiartzun). Haurtzaro ikastolakoa hura ere, eta Maider Lekuonaren ikaslea. Hirugarrena Urola ikastolako Malen Bastida Larrea azpeitiarrak irabazi du, 'Begitara begira' lanagatik. Mikel Sarasua izan du irakasle.

Sortzaile ezagunen harrobi

Olerkigintzari dagokionez, lehen saria 'Orri zuri huts bat'-ek irabazi du. Haitz Aranburu Mutiloaren testua da. Haurtzaro ikastolako ikaslea, Maider Lekuona izan du irakasle. Bigarren saria Malen Etxebeste Lekuonak irabazi du, eskola berekoak, 'Zure besoetan nagoenean' testuagatik. Hirugarren saria Urola ikastolako Nora Uriak irabazi du, 'Argitzen nauen izarra'-gatik.

B mailako sarien kategorian, narrazioaren alorrean, Maddi Aiestaran Iparragirre beasaindarrak irabazi du lehen saria, 'Ispiluaren aurrean' testuagatik. Beasaingo BHIko ikasleak Lurdes Larrarte izan du irakasle. Bigarren saria Leire Vargas Nietok eskuratu du 'Kresal haizea'-gatik. Durangokoa Frai Juan de Zumarraga institutuko ikaslea da, eta Xabier Bóveda du irakasle.

Hirugarren saria Uxue Iturbide Ipiñarentzat izan da. 'Odola' testua sortu du Ignazio Arozena–Benito Barrueta Bermeoko institutukoak. Eli Alegria du irakasle.

Olerkien kategorian, Maddi Aiestaran Iparragirre gailendu da 'Korapiloak' testuarekin. Bigarrena, Jon Kortaberria Lopetegik, 'Kresala'-gatik. Beasaingo BHI-ko ikasleak dira biak ala biak, eta Lurdes Larrarte eta Reme Arrondo dituzte irakasle, hurrenez hurren. Hirugarren saria 'Hitzak hots' testuagatik eskuratu du Anne Arrizabalaga Ruizek, Oiartzo batxilergo ikastolakoak. Maider Lekuona du irakasle.

Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saiakera modalitateekin, eta 1990a arte iraun zuen. Urte haietan helduentzako saria zen, eta gaur egun ezagunak diren hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.

Temas

Euskera