Borrar
Kutxa Kultur Enearen laguntzarekin ari da Iñigo Cerdan 'Frontoi' garatzen. usoz

«Antzokian gertatzen den magia ingurune birtualetara eraman nahi dugu»

Streamingaren eta bideo-jokoen artean dagoen eremu berrian kokatzen da Iñigo Cerdan garatzen ari den Frontoi Antzoki Birtuala

n. azurmendi

Larunbata, 23 urria 2021, 18:05

Comenta

Zinema eta telebista existitzen direnetik izan dute ikusleek antzerki, dantza eta musika ikuskizunak etxeko pantaila txikian edo zinema aretoko handian ikusteko aukera. Hala ere, aurrez aurrekoa ezinezko bilakatu edo asko baldin­tzatu duen pandemiak beste buelta bat eman dio aspaldiko harreman horri. Jotzeko, jokatzeko edo dantza­tzeko aretorik gabe, kameren bitartekaritza baliatu izan dute artista eta talde askok etxean zeuden ikusleengana iristeko.

Pandemiaren gairirik zailenetan, hain zuzen, streaming bidezko emanaldiek bermatu zuten neurri handi batean arte eszenikoen ikusgarritasuna. Orduantxe sortu zen, 2020ko udaberriko konfinamendu betean, Iñigo Cerdanen 'Frontoi' antzoki birtualaren proiektua, UPV/EHUren eta EiTBren Multimedia Komunikazioko Masterreko master amaierako lan gisa.

Beste urrats bat

Ordurako hamarkada bat zeraman Iñigo Cerdanek kultur kudeaketarekin zerikusia zuten lanetan, Euskal Herrian zein urrutiko herrialdeetan. «Konfinamenduak agerian utzi zuen arte eszenikoen digitalizazioaren falta, eta erakutsi zuen badagoela horiek beste era batera ikusteko modu bat», dio proiektuaren jatorriaz min­tzatzean.

«Oraingoz planteatuta daukagun moduan, ikusleak molda dezake bere esperientzia, eta beste ikusle batzuekin partekatu»

iñigo cerdan

Frontoi Antzoki Birtuala –'arte eszenikoen live streaming plataforma', alegia–, «ez da soilik streaminga, beste urrats bat da. Dauden plataformek an­tzoki tradizional batean gerta­tzen dena eremu birtual batera eramaten dute kameren bitartez, baina sortu daiteke beste era bateko esperientzia, interakzio handiagoa ahalbidetzen duena».

Irudiez eta soinuez gain, «an­tzokietan gertatzen den magia ingurune birtualetara» eraman nahi dute, ikuslea bete-betean murgilduz esperien­tzia horretan. «Oraingoz planteatuta daukagun moduan, ikusleak erabaki dezake, esate baterako, zein ikuspuntutik ikusi nahi duen antzerki edo dan­t­za emanaldia, berak molda dezake bere esperientzia, eta beste ikusle batzuekin partekatu». Nolabait esateko, streamingaren eta murgiltze-esperientzia eskaintzen duten bideo-jokoen arteko eremu berri batean kokatuko litzateke 'Frontoi'.

Ikusleak ez lirateke onuradun bakarrak izango, proiekuaren asmoa ez baita aretoak ordezkatzea, horien irismena handitzea baizik, «publiko eta espazio berrietara iritsiz eta talde, banatzaile eta programatzaileei kalitaezko alternatiba digital bat eskainiz».

Diru-bilketa fasean

Batetik hamarrerako eskalan, «oraintxe bertan 4-5 batean gaude, eta aurrera goaz», dio proiektuaren sustatzaile nagusiak. Martxoan egin zuen 'Frontoi'-k lehen aurkezpena Sarea Euskadiko Antzokien Elkartearen aurrean, DFeria arte eszenikoen azokaren barruan. Ordurako bazuten lehen prototipoa, Myriam Perez Cazabonen Neri(H)ari konpainiaren 'Mutu' koregrafiarekin eta Xake antzerki taldearen 'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlanarekin osatua.

Uztailean, Goteo Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren PiztuMETA! 2021ean hautatutako 15 kultur proiektuetako bat izan zen 'Frontoi'. Hartara, euren kabuz lor­tzen duten euro bakoitza bikoizteko aukera dute. Goteo.org crow­funding plataforman dago proiek­tua, eta lehen fasea gainditu eta bigarrenari ekiteko 5.000 euro inguru lortu behar dituzte azaroaren 9a baino lehen. Laguntza ematen dutenek prototipoaren garapenean parte hartzeko aukera izango dute, besteak beste.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Antzokian gertatzen den magia ingurune birtualetara eraman nahi dugu»

«Antzokian gertatzen den magia ingurune birtualetara eraman nahi dugu»