500 ikuskizun ezberdin urtea amaitu bitartean

'Zaldi urdina' laneko kartela/
'Zaldi urdina' laneko kartela

Arte eszenikoen denboraldiko lehen zatiaren programazioa aurkeztu du Sareak: 63 espazio eszenikoek 150 konpainiaren lanak hartuko dituzte

DVDonostia

Sarean bildutako 63 espazio eszenikoek 500 ikuskizun ezberdin eskainiko dituzte urtea amaitu bitartean, 150 konpainiaren eskutik. Arte eszenikoen denboraldiko lehen zatiaren programazioa aurkeztu dute arduradunek Getxoko Muxikebarri zentroan. Ikuskizunen ia erdiak helduentzako antzezlanak izango dira, 220 ikuskizun guztira.

Beste 130 musika eta lirika ikuskizunak izango dira, eta gainerakoak haurrentzako ikuskizunak (100 ikuskizun) edo dantzarekin lotutako antzezpenak (50 ikuskizun) izango dira.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak SAREAren denboraldi berriaren aurkezpenean parte hartu du Amaia Agirre Getxoko alkatearekin eta baita Sareako ordezkariek ere.

Sareak Euskadiko 63 espazio eszeniko biltzen ditu eta, adierazi dutenez, urtea amaitu bitartean 500 ikuskizun eskainiko dituzte, 150 konpainiaren eskutik.

Sailburuarekin batera, Amaia Agirre Getxoko alkateak, Nekane Basterretxea Sareako koordinatzaileak eta bertako zuzendaritza kontseiluko kide eta Barakaldo Antzokiko zuzendari Ana Lopez Asensiok parte hartu dute.

%30 euskaraz

Erakundetik azpimarratu dutenez, euskal konpainia nagusien birek garrantzi handia izango dute programazioan, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa izango dute eta urte amaierara arte 200 emanaldi inguru eskainiko dituzte. Urtea amaitu bitartean programatutako 500 ikuskizunetatik %30 euskaraz izango dira. Euskal konpainien ardurapeko ikuskizun aipagarrienen artean, honako hauek aipatu dituzte: Artedramaren 'Zaldi urdina' (antzerkia), Kukairen 'Gauekoak' (dantza), Tanttakaren 'Utzi mezua seinalearen ondoren' (antzerkia), Tarteanen 'Simplicissimus' (anzterkia), Glu Glu Produccionesen 'Mari Errauskin' (haur antzerkia), Gorakadaren 'Pinocchio Teatro' (haur antzerkia), Atx Teatroaren 'Kaskarot' (haur antzerkia), Borobil Teatroaren 'Hansel eta Gretel' (haur antzerkia), Kulunka Teatroaren 'Quitamiedos' (antzerkia) eta Proyecto Larruaren 'Otsoa' (dantza).

Era berean, aurreko denboraldian estreinatutako euskal konpainien ikuskizun batzuek ere jarraituko dute aurten: Xake Produkzioen 'Lur' (antzerkia), Ertzaren 'La teta de Janet (dantza) eta Kukai Dantza Konpainiaren 'Erritu'.

Azkenik, denboraldiaren lehen zati honetarako programazioaren barruan, Euskaditik kanpoko konpainien ikuskizunak ere aurki daitezke.

Temas

Euskera