Ikus-entzunezkoen sektorearentzako pizgarriak finkatu nahi ditu Aldundiak

'Handia'-ren filmaketako irudiak./DAVID HERRANZ
'Handia'-ren filmaketako irudiak. / DAVID HERRANZ

Ostiral honetan Diputatuen Kontseiluak onetsitako arauak euskal zinema proiektuetan inbertsioak egitea bultzatu nahi du, bereziki

Diputatuen Kontseiluak ontzat eman du sozietateen gaineko zergan kultura sustatzeko pizgarriak aldatzen dituen foru arauaren proiektua, Gipuzkoako eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektorea sustatze aldera. Arauak bi pizgarri eransten ditu: bat, Euskal Herriko eta Estatuko produkzioetan inbertitzeagatik, eta, bestea, EAEn filmatutako atzerriko produkzioetan inbertitzeagatik. Lehenengo kasuan, % 30eko kenkari orokorra sartzen da Sozietateen gaineko Zergan, eta % 40koa euskaraz filmatutako lanetarako, gehienez ere 2,5 milioi euro, betiere baldintza hauek betetzen badira: kenkariaren oinarriaren % 50, gutxienez, EAEn egindako gastuak izango dira; proiektua burutuko duen plantilla tekniko edo artistikoaren barruan EAEko lau herritar egongo dira gutxienez; eta gutxienez bi astetan filmatu beharko da erkidegoan (laburmetraiak izan ezik).

Atzerriko ekoizpenen inbertsioen kasuan, kenkaria EAEn egindako gastuen % 25 izango da. Kenkariaren oinarrian sartuko dira industria teknikoak eta bestelako hornitzaileak erabiltzeagatik izandako gastuak, eta sorkuntza arloko langileen gastuei buruzko muga ezartzen da, hau da, 50.000 euro pertsona bakoitzeko. Halaber, gehieneko kenkaria 2,5 milioi eurokoa izango da, eta proiektu zinematografikoa gauzatzeko EAEn egin beharreko gutxieneko gastua milioi bat eurokoa izango da. Araua onartu ondoren, Batzar Nagusietara bideratuko da, non osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko den; gero, Europaren oniritzia jaso beharko du. Aurreikuspenen arabera, datorren urtean sar daiteke indarrean.

Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi duenez, Gipuzkoak «egitura ezin hobea du giza baliabide eta materialen aldetik», eta horri «gure lurraldean daukagun talentu sortzailea gehitzen badiogu, emaitza nazioartean oihartzuna jaso duten hainbat proiektu dira, esaterako, Handia, Amama edota Loreak filmak». Haren esanetan, zinemaren atzean «ekonomia sektore oso bat» bat dago, sekulako potentziala erakusten ari dena. Hori dela eta, Foru Aldundiak «aukera baliatu» eta «sektoreari bultzada» ematearen aldeko apustua egin du. Gehitu duenez, alor honetako profesionalak «aspalditik ari ziren mota honetako neurria eskatzen».

Gainera, azaldu duenez, Foru Arauak aurreikusten dituen pizgarriak bereziki indartsuak izango dira euskaraz ekoitzitako filmentzako «Legealdi honetan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren parte den 2deo proiektuarekin, ahalegin berezia egiten ari gara euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko, gure hizkuntza belaunaldi berriekin konektatzeko». Testuinguru horretan kokatu ditu pizgarriak foru bozeramaileak, «euskararen erabilera hedatzeko egiten ari garen lanean», alegia. «Literaturak edo beste kultur adierazpideek bezala, zinemak ere herri honen nortasuna eraiki eta gordetzen laguntzen du, eta alor hau indartzea funtsezkoa da», ondorioztatu du.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos