Ikus-entzunezko produktuen erosleen bila Cannesko MIPTV azokan

'Otsoen lurraldean' webseriea eramango dute, besteak beste, Cannesko azokara/
'Otsoen lurraldean' webseriea eramango dute, besteak beste, Cannesko azokara

Basque Audiovisual izenpean, gune propioa izango dute A film to kill for, Bilbao Seriesland Festival, Expressive Media Project, Pausoka Entertainment, Prime Time Media, EITB eta New Media enpresek

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Ikus-entzunezko produktuen erosleekin kontaktuak egin eta sektorearen nazioartekotzea sustatzeko Cannesko MIPTV azoka apirilaren 8tik 11ra bitartean egingo dute, eta Etxeparek jakinarazi du zenbait euskal enpresa bertaratuko direla topagunera. Basque Audiovisual izenarekin, gune propioa izango dute.

Etxepare Euskal Institutua, Zineuskadi eta Eiken-ek (Basque Audiovisual and Digital Content Cluster) elkarlanean sortutako txokoak A film to kill for, Bilbao Seriesland Festival, Expressive Media Project, Pausoka Entertainment, Prime Time Media, EITB eta New Media enpresak hartuko ditu. Horien guztien produktuak merkatuan banatuko den Basque Audiovisual katalogoan jasoko dira. Halaber, Eiken-eko eta Zineuskadiko ordezkariak ere joango dira Cannes-era nazioarteko kontaktuen sarea indartu eta euskal enpresentzat negozio aukerak sortzeko helburuarekin.

Merkatu honetan parte hartzeak euskal produktuak saldu, ekoiztu, ezagutzera eman eta nazioartekotzeko aukera eskaintzeaz gain, beste herrialdeetako sortzaile, ekoizle, banatzaile eta ikus-entzunezko eta eduki digitalen balio kate osoan parte hartzen duten profesionalekin bat egitea ahalbidetzen du. Hori dela eta, Euskal Herria nazioarteko ekoizpen gune bezala aurkeztuko dute.

Katalogo anitza

Basque Audiovisual katalogoak jasoko dituen lanen artean daude, besteak beste, A film to kill for-ren 'Otsoen lurraldean' 10 minutuko pasarte laburretan mundu post-apokaliptiko bateko abenturak kontatzen dituen weserie-a, eta Bilbao Seriesland Festival-en parte hartutako produkzio sorta ere eramango dute.

Expressive Media Projects enpresak 'El lector de huesos' programaren formatua eramango du nazioartean saltzeko. Pausoka Entertainment-ek, bestalde, 'Durmiendo con el enemigo', politikari baten ideien aurka dauden hainbat pertsonak politikari horrekin egun oso bat igarotzeko programa.

Beste saio ezagun bat daraman enpresa Prime Time Media da, EITBn hainbat edizio arrakastatsu egin dituen 'Gailurra Xtrem' saioa aurkeztuko baitute Basque Audiovisual gunean. Ibon Gaztañazpi aurkezle duen programak hainbat lehiakide eramaten ditu mendian barrena espedizio bat egitera, korrika edota oinez.

Halaber, MIPTV lehen aldiz bisitatuko du New Digital Mediak. Azken urteotan entzute handia edukitzen ari diren sukaldaritza saioen lekukoa hartu, eta formatu berri bat eramango dute Cannesera: 'La Mejor Receta'. Kasu horretan, epaimahai batek gidaturik, lau sukaldari euskaldunek euren errezeta onena prestatu beharko dute, denek osagai berdinak erabilita.

Temas

Euskera