Ikasturte arrakastatsua ixtera doa Bartzelonako irakurle klub euskalduna

Irakurle klubean parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta urtero bete ohi dira/Etxepare
Irakurle klubean parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta urtero bete ohi dira / Etxepare

2012an sinatu zuten lankidetza akordioa HABEk eta Bartzelonako Liburutegien partzuergoak, Bartzelonako liburutegi ezberdinetan sakabanatuta zeuden euskal literaturaren laginak batean bildu eta euskal funts bat sortu ahal izateko

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Bartzelonako Agustí Centelles liburutegia euskal kulturaren erakusleiho bilakatu dute. Hiriko liburutegietan sakabanatutako euskal obrak bildu dituzte bertan, eta irakurle kluba ere antolatu dute, ikasturteko azken saioa egitera doana.

Aurretik, apirilaren 30ean egindako saioan, Katixa Agirre idazlea bertan izan zen klubeko irakurleekin saio berezi bat elkarbanatzeko, Iolanda Zúñiga idazle galiziarrarekin batera; biek, UAB unibertsitatean hitzaldi bat ere eman zuten egun berean. Literaldiaren baitan antolatu zuten ekimena.

2012an sinatu zuten lankidetza akordioa HABEk eta Bartzelonako Liburutegien partzuergoak, Bartzelonako liburutegi ezberdinetan sakabanatuta zeuden euskal literaturaren laginak batean bildu eta euskal funts bat sortu ahal izateko. Iniziatiba horren aurretik, Bartzelonako Euskal Etxean, Hizkuntza Eskolan, Bartzelonako Unibertsitatean (UB) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) sakabanatuta zeuden liburuak.

Orduz geroztik, liburutegiaren webgunean bertan 'cultura basca' atala dago kontsultagarri, eta Bartzelonan dauden euskarazko liburuen inguruko edozein kontsulta bertan egin daiteke.

Elkarlan honetatik zenbait proiektu sortu ziren, tartean, irakurle kluba. Aurten, bosgarren edizioa ospatzen ari dira dagoeneko, lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, pasa den urteetan proiektu hau HABEk kudeatzen baitzuen. Munduan zehar euskara zabaldu eta euskal hiztunen kopurua handitzeko helburua duen 'Euskara munduan' proiektua HABEtik Etxepare Institutura igaro denez, Irakurle Klubaren kudeaketak ere bide berbera jarraitu du.

Bartzelonako irakurle klubean parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta urtero bete ohi dira 25 irakurle ingururekin. Hilabetean behin, hileko laugarren asteartean biltzen dira liburutegian. Aurtengoan, amaitzen ari den edizio honetan, zazpi euskal idazleren liburu banaren inguruan jardun dute; Anjel Lertxundiren 'Eskarmentuaren paperak'; Arantxa Urretabizkaiaren '3 mariak'; Aingeru Epaltzaren 'Tigre ehizan'; Lourdes Oñederraren 'Intemperies (babes bila)'; Jon Miranderen 'Haur besoetakoa', Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron'; eta Kirmen Uriberen 'Mussche'.

Temas

Euskera