Borrar
Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera eman diote

Ver fotos

Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera eman diote MORQUECHO

Icebergaren azpiko zati ia ikusezina

Erakusmahai metro dezente hartzen ditu Landakon haur eta gazte literaturak, baina ikusgarritasuna eta prestigioa ez datoz horrekin bat

Nerea Azurmendi

Durango

Osteguna, 5 abendua 2019

Comenta

Arymuxek zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun labur batekin zabaldu dira, ostegun goizean, Landako Guneko ateak. Irekiera ekitaldi ofiziala arratsaldeko 19:00etan izan bada ere, ateak noiz irekiko zain zegoen gazte-andanak iratzarri du, ia urtebeteko lozorroaren ostean, Durangoko Azoka. Publiko orokorrarentzat ere zabalik geratu arren, oso nabarmena izan da goiiz partean gazteenenen nagusitasuna, zaratatsua eta bizi-bizia.

Denak batera iritsita, segituan bete dituzte guneak. Eguerdi aldera, ikastetxeetako taldeak erretiratzen hasi direnean, jaitsi egin dira dezibelak eta mantsotu korrikaldiak. Lasai joan da arratsaldea, lanegun bati dagokion moduan. Ezustekorik ez bada, bestelakoa izango da ostirala. Iazko Sormen Bekaren emaitzaren aurkezpenarekin eta aurtengoa irabazi duen proiektuaren iragarpenarekin hasiko da.

Antolatzaileek ez daukate Azokaz jabetutako ikasleen kopuruari buruzko datu zehatzik -tailerretan parte hartzeko izena ematen dutenena baino ez da kontrolatzen-, baina izan ziren milaka batzuk, adin guztietakoak: haur nahiko txikiak eta gaztaroaren atarian dauden nerabeak. Autobusen jatorriak ere askotarikoak izan dira: Usurbil, Donostia, Mutriku, Sodupe, Bera, Kanbo, Laudio, Ziburu, Otsagabia eta abar. Taldetxoen atzetik ibiliz gero, euskararen azentu gehienak entzun daitezke, nahiz eta zabalduena azentu berezirik gabeko gaztelania izan.

Harrera ona izan dute oro har Landako Gunearen aurpegia aldarazi duten erakusmahai berriak

Sortzaileak ere goiztiarrak izan dira. Azokak ateak ireki eta berehala hasi dira erakusmahai berrietara hurbiltzen. Landako Gunearen aurpegia aldatu duten egurrezko postu berriek, oro har, kritika onak jaso dituzte. Itxura aldetik dotoreagoak dira, eta zabalagoa eta erosoagoa da saltzaile eta sinatzaileentzako tokia. Bisitariengandik gertuxeago ere badaude. Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Berri Txarrak-ekoak, Eñaut Elorrieta, Beñat Sarasola eta beste hainbat goiz jarri dira bisitarien esanetara.

Bereziki handia da musikarien presentzia, gero eta gehiago baitira euren kabuz ari direnak eta, horrenbestez, erakusmahaiaren ardura ere euren gain hartzen dutenak. Bide batez esan behar da batere disimulurik gabe erakutsi dituztela zaletasunak gazteenek, postu batzuetan pilatuz eta beste zenbaitetan begiratzera ere gelditu gabe aurrera segituz.

Gazteak eta irakurzaletasuna

Ohi denez, ikasleen neurrira egon da prestatuta goiza. Lehen orduan, disziplina ezberdinei lotutako tailerrak izan dira aukeran Ahotsenean, bereziki gogoko duten Kabi@n, Areto Nagusian, Irudienean, Saguganbaran, Szenatokian eta Plateruenan. Durangoko Arte eta Historia Museoak eta Bizenta Mogel Liburutegiak ere zabaldu dizkiete ateak bisitari gazteei.

Ahotseneako solasaldietan, halaber, haientzat idatzitako liburuen aurkezpenek izan zuten protagonismoa. Yolanda Arrietak ('Ataria'), Asel Luzarragak ('Inoren munduan'), Iñigo Astizek eta Maite Mutuberriak ('Joemak eta Polasak') eta Garbiñe Ubedak ('Mehatxua') bertatik bertara azaldu zieten goizean zehar zer kontatu dieten -nola, zergatik eta zertarako ere bai, zenbaitetan- liburu argitaratu berri horietan. Saguganbaran ere izan zen aurkezpenik.

Nahi izanez gero, alegia, lau egunak igaro daitezke haur eta gazteei zuzendutako nobedadeak aurkezten, urtero bezala oso zabala baita eskaintza. Landakora ate nagusitik sartu eta ezkerretara badago beira-arasa handi-handi bat, kategoria horretan sar daitezkeen liburuz beteta. Aurrera eginez gero, bisitariak aurkituko ditu Espainiako zenbait argitaletxe handiren Euskal Herriko adarren erakusmahai luzeak, haurrentzako liburuz beteak, non nagusi den itzulpena. Bertako argitaletxe askok ere eskaintza zabal eta maila handikoa dute haur eta gazte literaturaren arloan.

Ahotsenean aritu diren idazle horien liburu ia denek izan dute aurretik helduentzako lanen pareko aurkezpena. Ramon Saizarbitoriaren 'Miren eta erromantizismoa' eleberriak ere bai. Eta Arrate Egañaren 'Klarisa'-ren bigarrenak, Koldo Izagirrek Altzoko Handiaz idatzitako bigarrenak bezala. Askoren artean egindako 'Lo potolo' ederrak izan du bere burua nabarmentzeko modua, Patxi Zubizarreta, Maixa Zugasti eta beste hainbat idazleren lanek bezala.

Yolanda Arrieta idazlearen ustez, «haur eta gazte literaturaren sistema nahiko ahul dago»

Hala ere, beste horrenbeste -askoz gehiago, itzulpenak barne hartuz gero- dira argitara irten arren ilunpean gelditzen diren haur eta gazteentzako liburuak, nahiz eta euskal liburugintzarentzat garrantzi handikoak izan produkzioari dagokionez. Euskarazko liburugintza izozmendi bat balitz, urpean gelditzen den zati ikusezina izango litzateke, nolabait esateko.

Idazteaz gain ikastetxez ikastetxe haur eta nerabeen artean irakurzaletasuna sustatzeko lan etengabean dabilen Yolanda Arrietak oso kontuan izan du gaia bere liburuaren aurkezpenean. Gai potoloa da, hain zuzen, Durangoko Azokarentzat eta euskal kulturgintzarentzat oro har, gaur egun itxuraz gutxi irakurtzen duten eta are gutxiago erosten duten neska-mutil horiek baitira biharko irakurle-erosleen harrobia.

Arrietaren ustez, «haur eta gazte literaturaren sistema nahiko ahul dago, ez da asko zaintzen». «Indargune gutxi ditu; azkenean indargune bakarra idazleak gara», azaldu du, eta honela arrazoitu: «Hezkuntzan ez zaio ematen irakurketari behar bezainbesteko garrantzia, literaturari ere ez. Haur Hezkuntzan gehiago zaintzen da, baina institutuetan, esate baterako, ez da liburu bat ikusten. Medioetan ere ez gara apenas agertzen. Ez dugu prestigiorik, bigarren mailakoak gara».

Egoera okerrago ikusten du gazte literaturan haurrei zuzendutakoan baino, baina horrek ez darama etsipenera, ezta gutxiago ere: «Beti begiratzen zaie irakurtzen ez dutenei, baina nik uste dut uste orokor hori zuzendu egin behar dela. Baudaude irakurle finak, idazleak ere bai, eta askotan baztertuta sentitzen dira. Nik horientzat idatzi nahi dut, horiei eskaini nahi dizkiet liburu zaindu eta ondo editatuak. Haien zaletasuna saritzeko eta, agian, besteengan eragina izan dezaketelako».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Icebergaren azpiko zati ia ikusezina