Ikasle egunerako zortzi tailer antolatu dituzte Durangoko Azokan

Ikasle egunerako zortzi tailer antolatu dituzte Durangoko Azokan
Morquecho

'Liburu bat egingo dut', 'Enkarguz','Kaligrafia', 'Soinu efektuak zinemagintzan', 'Moon: konputagailu baten funtzionamendua', 'Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak', 'Oraindik izen gabe' eta 'Euskal musika transmisioa' izango dira

DVDonostia

Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza zentroetako ikasleek diziplina anitzetako zortzi tailerrekin ikasteko eta gozatzeko aukera izango dute 54. Durangoko Azokan, Ikasle Goizean. Modu honetan, literatura, musika, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta, oro har, sorkuntzaren mundura hurbildu ahal izango dira haur eta gaztetxoak, abenduaren 5ean. Azokako zortzi guneez gain, Durangoko liburutegian eta Arte eta Historia Museoan izango dira jarduerak.

Lantegietan izena emateko epea urriaren 14ra bitarte dago irekita. Izena emateko webgunean erregistratu behar da (aurreko urteetan izena eman ez bada) eta, ondoren, lantegia aukeratu. Lekuen esleipena zozketa bidez egingo da eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie izena eman duten guztiei, Durangoko Azokako arduradunek jakinarazi dutenez.

'Liburu bat egingo dut' (Areto Nagusia), 'Enkarguz' (Ahotsenea),'Kaligrafia' (Durangoko museoa), 'Soinu efektuak zinemagintzan' (Irudienea), 'Moon: konputagailu baten funtzionamendua' (Kabi@), 'Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak' (Saguganbara), 'Oraindik izen gabe' (Szenatoki) eta 'Euskal musika transmisioa' (Plateruena) izango dira eskainiko diren zortzi tailerrak.

Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitzeko, ikasleak@durangokoazoka.eus helbide elektronikora idatzi edo 673 005 981 zenbakira dei daiteke.

Temas

Euskera