Igandean osatuko da finalerako zortzikotea
Lesakan ariko dira Joanes Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Eki Mateorena, Mikel Lasarte eta Beñat Astiz azken txratelen bila
Iker Mendia
Larunbata, 18 azaroa 2023, 12:00
Igande arratsaldean, 20:00ak aldera, Lesakako pilotalekuko saioaren ostean jakingo da zein zortzi bertsolari lehiatuko diren abenduaren 2ko finalean 2021ean Saioa Alkaizak jantzi zuen txapela eskuratzeko asmoz. Finalerako sailkapena helburu Joanes Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Eki Mateorena, Mikel Lasarte eta Beñat Astiz ariko dira kantuan 17:30ean hasita Alaitz Rekondok jarritako gaiekin eta euren lana baloratuko du Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelenak osatutako epaimahaiak.
Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko finalera, momentuz Saioa Alkaizak eta Julio Sotok, Altsasuko eta Agoizko saioetako irabazleek, hurrenez hurren, egin bezala. Gainerakoek, finalaurrekoen faseko sailkapen osoaren arabera izango dute toki bat ala ez finalean. Honela da sailkapena une honetan: Julio Soto (543.5 puntu, sailkatuta); Xabat Illarregi (529.5); Saioa Alkaiza (506.5, sailkatuta); Saats Karasatorre (470.5), Sarai Robles (468.5); Eneko Fernandez (465); Ekhiñe Zapiain (464.); Julen Zelaieta (458); Ekain Alegre (457.5); Patxi Castillo (445.5); Urko Gartzia (445) eta Idoia Granizo (409.5).
Hasiera batean Kultur Etxean izatekoa zen hirugarren eta azken finalaurrekoa, baina aforoa beteta, eta sarrera eskari handia zegoela ikusita, ekitaldia herriko pilotalekura aldatzera erabaki zuten Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Lesakako Udalak. Hala ere sarrera guztiak agortuta daude pasa den astetik, baina ezin bertaratu direnek Interneten jarraitu ahalko dute saioa, zuzenean. www.bertsoa.eus atariak streaming bidez eskainiko baitu.
Era berean, abenduaren 2rako finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.