Igandean eta Mungian, lehen kanporaketa
Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Koldo Muñiz, Mikel Goiriena, Peru Vidal eta Txaber Altube arituko dira kantuan
DV
Ostirala, 29 iraila 2023, 15:11
Igande honetan Mungian izango den saioarekin hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2023. Olalde aretoan 17:00etatik aurrera izango da lehen kanporaketa eta kantuan Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Koldo Muñiz, Mikel Goiriena, Peru Vidal eta Txaber Altube arituko dira Zihara Enbeitak jarritako gaiekin.
Euren lana Ainhoa Arregi, Beñat Romero, Garazi Mendoza, Graxi Arregi, Iñaki Aurrekoetxea eta Mirari Azula epaimahaiko kideek puntuatuko dute eta Itziar Basterretxea izango da idazkari. Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara; gainerakoek, aldiz, gainerako kanporaketak lehiatu arte itxaron beharko dute eta azken puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia igandean zabalduko litzateke 16:00etan, Olalde aretoan.
Kanporaketa hauetan 36 bertsolari ariko dira kantuan azaroaren 1era arte izango diren sei saioetan. Ostean, azaroaren 11n Berrizen, 18an Santurtzin eta 25ean Lemoan izango diren finalaurrekoetara batuko dira 2021eko finalistak, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.
Hiru saio horietako garaileak eta puntuazioz lehen bostak igaroko dira abenduaren 16an Miribillan izango den finalera.