Idoia Trenor eta Jon Agirresarobe dira Bertsozale Elkartaren koordinatzaile berriak

Ezkerretik eskubira: Idoia Trenor, Aritz Zerain eta Jon Agirresarobe./Bertsozale.eus
Ezkerretik eskubira: Idoia Trenor, Aritz Zerain eta Jon Agirresarobe. / Bertsozale.eus

Aritz Zerain Miner, orainarte koordinatzaile izandakoak, martxoan iragarri zuen erreleboa

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Idoia Trenor Zulaika eta Jon Agirresarobe Lopetegi dira Bertsozale Elkarteko koordinatzaile berriak.

Martxoan erreleboa emango zuela iragarri zuen Aritz Zerain Minerrek Bertsozale Elkarteko koordinazio lanetan. Elkartearen dimentsio handia egokiago kudeatzeko eta mugimenduaren aurrerako beharrei hobeto erantzuteko, biko koordinazioaren formularen alde egin du zuzendaritzak egiteko hori betetzeko.

Udaren atarian gauzatu dugu aldaketa: honenbestez, Idoia Trenor Zulaika eta Jon Agirresarobe Lopetegi «Torrotxo» dira Bertsozale Elkarteko koordinatzaile berriak.

Artearen Historian lizentziatua da Trenor, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egina du. Gaztetatik hainbat elkartetako kide izan da. Azken urteak euskalgintzan eta feminismoan eman ditu lanean: Euskal Herriko Bilgune Feministan eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartean.

Giza Zientziak eta Komunikazioan lizentziatua da Agirresarobe, eta Euskadi Irratian aritu zen esatari lanetan. Azken hamaika urteak Bertsozale Elkartean bertan egin ditu, Sustapen Saileko eragile, eta azken hiru Bertsolari Txapelketa Nagusien koordinatzailea izan da. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa ere amaitua du berak, eta Kultur Kudeaketako masterra ari da egiten.

Datozen urteei eskarmentuz eta indar berriz, ezagutzaz eta bisio zabalez aurre egiteko moduan izango gara, koordinazio bikoarekin eta lantalde guztiarekin.