Borrar
Illarramendiren lanetako bat.

Iban Illarramendiren txanda Ilustratzaileen Txokoan

Ilustratzaile zarauztarraren lanak datorren urteko matxora arte daude ikusgai Donostian

Asteazkena, 14 abendua 2022, 13:14

Comenta

2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik igaro dira ilustratzaile klasiko eta berriak: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martínez, Idoia Beratarbide, Tomás Hernández Mendizábal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran, Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain Lora, Paul Caballero, Irrimarra bikotea (Irene Irureta eta Karmele Gorroño), Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa. Orain, Iban Illarramendiren txanda da.

1973an Zarautzen jaioa, Iban Illarramendi txikitan hasi zen marrazten eta ez dio inoiz utzi. Publizitateko Diseinu Grafikoko ikasketak ditu eta Ilustrazio Digitalean ere prestatu zen University of the Arts Londonen egindako online ikastaro baten bidez. Urte batzuetan beste lanbide bat izan ondoren, ilustraziotik bizitzea erabaki zuen. Bide hori egin ahal izateko, etengabe prestatzen aritu da azken urteetan eta horretarako maite dituen ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoen lantegi eta ikastaro ezberdinetan parte hartu du. Hala nola, Javier Zabala, Isidro Ferrer, Jesus Cisneros, Guridi eta Elena Odriozolarekin.

Bakarkako eta taldeko erakusketa hainbatetan parte hartu izan du. Besteak beste, berriki 2022ko Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan FADIPek (Ilustratzaile Profesionalen Elkarteen Espainiako Federazioak) antolatu duen «ILUSTRACIÓN, una literatura visual» erakusketarako hautatua izan da.

Euskarri ugari

Ilustratu izan dituen euskarrien artean liburuak, kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoak, arropak eta argitalpen ezberdinetako azalak daude. 2019an, Zarauzko Udalak Emakumearen eguna iragartzeko antolatzen zuen kartel lehiaketa irabazi zuen.

Haur eta Gazte Literaturari dagokionez, Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak antolaturiko MarraziOak eta Biko-Teka lantegietan hartu izan du parte. Azken honetan 2022an Eider Pérezekin batera abiatu zuen proiektuak irabazi du album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria Kiratsa albumarekin, Pamiela argitaletxeak argitaratu berri duena.

Bestalde, haurrekin ere egiten du lan. Izan ere, Artezaleak kultur elkartean ilustrazio esperimentaleko lantegiak eskaintzen dizkie haurrei.

Illarramendiren sorkuntza-lanek natura, itsasoa eta orokorrean euskal sustraiekin harremana duten elementuak dituzte abiapuntu. Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztu bat erabiltzea gustatzen zaio. Ilustratzaileak berak aitortzen duenez, bere ilustrazioak «geometrikoak eta delikatuak» dira, eta teknika mistoak, analogikoak zein digitalak erabiliz egiten ditu; lettering-ak ere badu tokia bere sormen-lanean.

Erakusketa asteazken honetan zabaldu da, eta datorren urteko martxoaren 19a arte dago zabalik. Ilustratzaileen Txokoa astelehenetan eta jaiegunetan itxita dago, eta beste honakoa du ordutegia: asteartetik ostiralera: 16:00-20:30 / Gabonetan: 10:00-14:00. Larunbata: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandea: 10:00-14:00

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iban Illarramendiren txanda Ilustratzaileen Txokoan

Iban Illarramendiren txanda Ilustratzaileen Txokoan