'Hondamuinean' komikiaren bigarren entrega, Koldo Izagirrek interpretatua

Liburuaren azaletik hartutako irudia. /© MICHELE REICH
Liburuaren azaletik hartutako irudia. / © MICHELE REICH

Zerocalcare italiarraren 'Hondamuinean. Sei hilabete geroago' albuma argitaratu du Farmazia Beltza argitaletxeak

NEREA AZURMENDI

Gutxi falta bada ere, ez dira oraindik sei hilabete igaro Farmazia Beltza argitaletxeak Zerocalcare komikigile italiarraren 'Hondamuinean' euskarara ekarri zuenetik. 'Hondamuinean. Sei hilabete geroago' ekarri du orain, nahiz eta bietan Koldo Izagirrek egin duen lana kontuan hartuta egokiagoa izan daitekeen euskaraz eman duela esatea. Izagirreren esku-hartzeak gehiago du interpretaziotik itzulpenetik baino, gehiago ematetik ekartzetik baino.

Euskal Herriarekiko duen aspaldiko lotura nabarmendu duen Zerocalcare –Michele Rech du izena, eta Arezzon jaioa da, 1983an– bertan zela aurkeztu da goizez liburua Donostiako Komikigunean. Arratsaldean, berriz, Iruñeko Katakraken izan dute hizpide italieraz iazko maiatzean argitaratu zen 'Macerie prime. Sei mesi dopo' (BAO Publishing) lanaren euskarazko kidea, Sustrai Colina 'zizerone' dela. Katakrak, hain zuzen, ekimena ahalbidetu dutenen artean dago, Ereiten Kultur Zerbitzuak, Euskal Herria Italia da elkartea eta Talaios Koop.-ekin batera.

Donostiako aurkezpenean Farmazia Beltzaren izenean mintzatu den Garbiñe Ubedak esan duenez, Italian oso-oso ezaguna den Zerocalcare «deskrubrimendu ikaragarria izan da, bere mundu ikuskera oso gurea delako, eta gai potoloei heltzen dielako intelektualkeriarik gabe». «Euskal literaturaren mundu itxian komikia kontuan hartu» behar dela aldarrikatzeaz gain, Koldo Izagirrek egindako lana goraipatu du Ubedak.

«Itzulpenak ez badu arrastorik uzten euskaran, niri ez zait interesatzen»

«Itzulpenak ez badu arrastorik uzten euskaran, niri ez zait interesatzen» koldo izagirre, itzultzailea

Aipatzeko moduko lana egin du oraingoan ere Izagirrek, nahiz eta baliteke, beraxek iradoki bezala, ez jasotzea Euskaltzaindiaren errekonozimendua. Erraza ez da izan lana, Zerocalcarek komikiotara eraman dituen pertsonaiak, bera irudikatzen duen gizonezko bekain lodiduna barne, ez direlako mintzatzen italiera akademiko akasgabean.

Izaki lekutu horiek, hots, leku gabe horiek, «hizkera propioa sortu dute barruan dutena adierazteko». Beste horrenbeste egin behar izan du berak hondakinen gainean (obra-hondakin esan nahi du 'maciere' hitzak) ahal duen moduan irauten duen mundu hori euskaraz kontatzeko. Bi aukera zituen, «euskara balitz bezala esan, edo pentsatu nola egingo zuen Zerocalcarek istorio hau bere hizkuntza euskara balitz». Bigarrena aukeratu zuen, jakina. Ariketa oso interesgarria gertatu zaio. Zaila ere bai, «aldi berean salatu duena gure konformismo linguistikoa eta estandarraren eskasia». Izagirren uste du, alegia, «italierari esker jauzia egin duela» euskarak, eta horrekin bete du helburuetako bat. «Itzulpenak ez badu arrastorik uzten euskaran, niri ez zait interesatzen», adierazi du. Irakurleari ere bide interesgarria irekitzen dio Koldo Izagirreren proposamenak, Zerocalcareren liburuak berak bezala.

Egunerokotasunera bueltan

'Hondamuinean' proiektuaren bitartez bere egunerokotasunera bueltatu nahi izan zuen egileak, bolada luze bat eman ondoren 2017ko 'Cobane calling'-en kontatu zuen kurduen borroka, Siriako gerran kokatua, hurbiletik bizitzen.

«Esperientzia hura amaitutakoan, nire buruari galdetu nion ea zer egin nahi nuen, eta konturatu nintzen zerbait autobiografikoa egin nahi nuela», esan du, Ainara Azpiazu 'Axpi' marrazkilaria interprete lanetan zuela. Autobiografikoa bai, baina ez bere buruan zentratua. «Nitaz aritzea ez zitzaidanez oso interesgarria iruditzen, nire lagunei zer gertatzen zitzaien kontatuko zuen istorioarekin hasi nintzen, aurretik ere egina nuen bezala», azaldu zuen.

«Nire lagunei asko kostatzen zaie munduan leku egonkor bat lortzea. Arazo horiek nireak ere badira»

«Nire lagunei asko kostatzen zaie munduan leku egonkor bat lortzea. Arazo horiek nireak ere badira» zerokalkare, komigilea

Eta ikusi zuen lagunen bizitzak, berea bezala, aldatzen zihoazela. Ari zirela urteak betetzen, lanean hasten, seme-alabak izaten eta, hala ere, asko kostatzen zitzaiela «munduan leku egonkor bat lortzea. Arazo horiek nireak ere badira, baina haienak jaso nahi izan ditut, elkarrizketatxo bidez. Nire komunitateari zuzendutako esker oneko lana ere bada. Niri elkarrizketa asko egiten dizkidate, kasu egiten didate hitz egiten dudanean, baina haien beharra dut, haien esker naiz naizena». Pertsonaiek ez dute komunitate arrunt bat osatzen. Denetarikoak daude. Batzuk nahiko agerikoak dira. Beste batzuk, ordea, istorioen nondik norakoak bezala, irakurleak aurkitu eta osatu behar ditu Zerocalcarek luzatu dizkion hondarrekin.

Temas

Euskera