'The Hole in the Ground ' ikus-entzunezkoari eman diote film onenaren FANT saria

Lee Cronin zinemagilea da filmeko zuzendaria/FANT
Lee Cronin zinemagilea da filmeko zuzendaria / FANT

Lana Sundanceko jaialdian aurkeztu ondoren eraman du Bilbora ikus-entzunezkoa zuzendariak. Estatu osoko zinema-aretoetan datorren ekainaren 28tik aurrera ikusi ahalko da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Lee Cronin zinemagile irlandarraren opera prima den 'The Hole in the Ground ' (Baso madarikatua) film luzeari eman dio film onenaren FANT 2019 saria jaialdiaren epaimahaiak, «zuzendaritzan eta gidoian egin duen lehenengo lan bikainarengatik, eta 90 minutuz ikus-entzulea kezkaz beteta edukitzeko gai den emakumezko pertsonaia protagonista konplexuaren aurrean erakutsitako sentsibilitatearengatik».

Gary Sherman zuzendari, gidoilari eta ekoizle estatubatuarrak, Rocío Moreno Fancine Malagako Zinemaldi Fantastikoaren zuzendariak eta Diana Peñalver antzezleak osatu dute epaimahaia.

Lana Sundanceko jaialdian aurkeztu ondoren eraman du Bilbora ikus-entzunezkoa zuzendariak. Estatu osoko zinema-aretoetan datorren ekainaren 28tik aurrera ikusi ahalko da.

Film laburren atalean, epaimahaiak Carlos Baenaren 'La Noria' (Espainia, 2018) animaziozko filmari eman dio Film Labur Onenaren Saria. Epaimahaiak, lan hori aukeratzeko orduan, «kalitate tekniko bikaina eta istorio zirraragarria eta magikoa eta, aldi berean atsegina eta hunkigarria transmititzeko trebezia» azpimarratu ditu.

Euskal Film Labur Onenaren Saria, epaimahaiaren irizpidearen arabera, Diego H. Kataryniuken 'Amargo era el postre' (2018) lanak jaso du, «suspense istorio probokatzailea sortzeko zuzendaritza, gidoi, argazkilaritza, arte zuzendaritza, jantzi eta makilaia sailen arteko konbinazio egokiagatik». 19 minutuko fikzio horrek sari bikoitza lortu du, zinemaldiko ikus-entzuleek FANT 25eko Film Labur Onenaren saria ere eman diote eta.

Sekzio Ofizialeko Ikus-entzuleen Film Luze Onenaren saria Shin'chihirô Ueda japoniarraren 'One Cut of the Dead' lanak lortu du. Halaber, Euskal Aktoreen Batasunak Euskal Film Laburren Antzezpen Onenaren saria eman du. Saria Paola Bontempik irabazi du, 'El fin de todas las cosas' film laburrean Norma Vila antzezteagatik.

Sari gehiago

Panorama saileko epaimahaiari dagokionez, Borja Crespo zuzendari, ekoizle, idazle, ilustratzaile eta istoriogileak, Aranzazu Calleja konposatzaileak eta Rubin Stein Fikziozko Film Labur Onenaren Goya Saria irabazi duen 'Bailaora' film laburraren zuzendariak osatu dute. Panoramako Film Luze Onenaren saria Álvaro Pitaren 'Escombros' (Espainia, 2018) lanak irabazi du. Film laburren atalean, saria Marion Renarden 'Switch' (Belgika, 2018) lanak lortu du.

Horrez gain, zinema aretoetan ostiral honetan estreinatuko den Jon Mikel Caballero zinemagile nafarraren opera prima den 'El increíble finde menguante' lanak, Euskal Gidoilarien Elkarteak ematen duen Gidoi Onenaren Saria eta Fas Zine Klubak emandako Zuzendaritza Berritzailearenaren Saria lortu ditu. Euskal Gidoilarien Elkarteak aipamen berezia eman dio Shin'chihirô Uedaren 'One Cut of the Dead' filmari. Larunbatean FANTeko lan saritu guztiak eskainiko dira berriro BBK Aretoan.

Temas

Euskera