Scotland Goes Basque programa itxiko du nazioarteko kongresuak

Scotland Goes Basque programa itxiko du nazioarteko kongresuak
Etxepare

'Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean' kongresuaz gain, zinema dokumental zikloa ere prestatu dute Edinburgon

DVDonostia

Nazioarteko kongresu batek eta zinema dokumental ziklo batek emango diote amaiera Scotland Goes Basque programari. Urriaren 11tik 20ra, Europa Transit saileko 'Kaleko dantzariak', 'Mugaminak' eta 'Erresilientzia-soinuak' dokumentalak proiektatu eta horien inguruko hainbat jarduera burutuko dira Sra. Polaroiska, Mursego eta Amets Arzallusen eskutik Edinburgon eta Glasgown; Urriaren 16an eta 17an, bestalde, Edinburgoko Unibertsitatean 'Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean' nazioarteko kongresua egingo da.

2019. urte hasieratik hona, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da eskoziako kultur programa nagusienetako batzuetan: musika Celtic Connections jaialdian; zinema CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak Fringe-en eta literatura Edinburgh International Book Festival-en.

Udazken honetan berriz zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarriko du fokua #ScotlandGoesBasque programak. Uriaren 11n hasi eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental-bildumako hiru izenburu izango dira ikusgai Eskozian: Kaleko dantzariak, Mugaminak eta Erresilientzia-soinuak.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, Europan barrena hamar hiritan (Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika) abiatu zen kultura-enbaxada ibiltaria izan zen Europa Transit; horren helburua zen elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzeko. Egitasmoaren aitortza gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru ditugu Edinburgo eta Glasgown aurkeztuko direnak.

Kaleko dantzari

Urriaren 12an, Edinburgoko Scottish Documentary Institute delakoan aurkeztuko dute 'Kaleko dantzariak' filma. Bertan, Sra. Polaroiskak, hau da, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxek osatutako talde artistikoak Bulgariako Plovdiv hirian erromaniar etniako hainbat gazterekin ikuskizun bat prestatzeko burututako egonaldia jaso dute.

Proiekzioaren aurkezpena María Ibarretxe eta Alaitz Arenzanak egingo dute, eta proiekzio horren osagarri, bezperan, 'Lur away' performancea taularatuko dute eskoziar hiriburuko Lauriston Hall aretoan.

Urriaren 17an, Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak Zipren greko-zipretar eta turko-zipretar komunitateen arteko gatazkaren ondorioen berri jaso eta bere bizipen propioekin alderatuz grabatutako Mugaminak dokumentala aurkeztuko du Edinburgoko St Cecilia's Hall aretoan. Gainera, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun suertatu zen Amets Arzallusek bertsolaritzaren inguruko hitzaldia emango du.

Zikloa ixteko, urriaren 20an Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan 'Erresilientzia-soinuak' dokumentala aurkeztuko da. Maite Arroitajauregi, Mursego, eta Vedran Smailovic, Sarajevoko biolontxelojotzailea protagonista dituen filmak musikaren bidez trauma gainditzeko gaitasunaz jarduten du, Bosnia Herzegovinako gerraren ostean egun bizi den egoeratik abiatuta. Jarraian, Mursegoren zuzeneko emanaldia izango da areto berean. Bere ibilbidean zehar, Mursegok, hau da, Maite Arroitajauregi eibartarrak hainbat proiektutan esku hartu du: adibidez, Japan Gora, Napoka Iria, Kokein, Miztura, Lisabö, Kashbad, Anari edo Manett.

Temas

Euskera