Hizkuntza gutxituetako hedabide digitalak aztertuko dituzte Eskozian

#ScotlandGoesBasque egitasmoa aurkeztu zuteneko irudia/Usoz
#ScotlandGoesBasque egitasmoa aurkeztu zuteneko irudia / Usoz

Euskara eta euskal kultura beste hizkuntza eta kulturekin uztartuta aurkeztuko dira Eskozian, Etxeparek burututako #ScotlandGoesBasque egitasmoa amaitzeko

DVDonostia

Euskara eta euskal kultura beste kultura eta hizkuntza batzuekin uztartuta erakutsiko dira Eskozian, #ScotlandGoesBasque egitasmoaren azken urratsean, nazioarte mailako biltzar baten eta zine dokumentalaren bidez, Etxepare Euskal Institutuak iragarri duenez.

2019. urtean zehar, Etxepare Institutuak abiaturiko #ScotlandGoesBasque programaren eskutik, euskal kultura eta arte garaikidea erakusgai izan dira eskoziar kultur bizitzaren plataforma nagusienetan, hala nola Celtic Connections musika jaialdian; CinemaAttic zikloan eta EIFF zine jaialdian, Fringe arte eszenikoen jaialdian eta Edinburgh International Book Festival literatur jaialdian.

Orain, aldiz, euskara eta euskal kultura beste kultura eta hizkuntzekin uztartuta aurkeztuko dira #ScotlandGoesBasque egitasmoaren azken urratsean. Zehazki, urriaren 11tik 20ra, Donostia 2016 Europar Kultur Hiriburutzaren baitan sortutako Europa Transit saileko hiru dokumental proiektatuko dira, eta horien inguruko hainbat jarduera izango dira Sra. Polaroiska, Mursego eta Amets Arzallusen eskutik.

Horrez gain, 'Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean' izenburuko nazioarteko biltzarra egingo da urriaren 16an eta 17an, Edinburgoko Unibertsitatean.

Ekimen horien guztien berri emateko prentsa agerraldia izango da ostegunean, urriaren 10ean, Bilboko Azkuna Zentroan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren, Maria Ibarretxe Sra. Polaroiska talde artistikoaren kidearen eta Xuban Intxausti zinemagile eta Europa Transit dokumental sortaren zuzendariaren parte hartzearekin.

Temas

Euskera