Hitanoaren erabilera, Hitzetik Hortzeran aztergai
Aste honetan Beñat Muguruza ikertzailea gonbidatu du Mirari Martiarenak gidatutako programak
I. Mendia
Osteguna, 12 urria 2023, 12:10
Hitanoak bertsogintzan izan zuen erabilera izango da aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioko gai nagusia. Beñat Muguruza ikertzailea gonbidatu du Mirari Martiarenak gidatutako programak eta larunbatean 21:00etan hasita irundarrak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian hitanoak izan zuen erabilera aztertzeko ikerketa izango du mintzagai. Haren ostean, gainera, gaian sakontzeko bestelako lanak ere garatu ditu Muguruzak eta horiei buruz ere galdetuko die aurkezleak.
Aurretik, 1986tik ordura arte jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiak hartu zituen, eta bertan hitanoak izandako presentzia zein zen aztertu zuen, segidan 2017ko erabilerarekin alderatzeko. Muguruzak azalduko dituen ondorio nagusienen artean, urteekin erabilera apaltzen joan dela aipa daiteke, nahiz eta 2017an lehiatutako Txapelketa Nagusian presentzia apur bat izan zuen hitanoak.
Txapelketa Nagusiko hitanoaren erabilera aztertzeaz gain, hainbat bertsolari ere elkarrizketatu zituen, eta ikerketari ekarpen aberasgarria egin zioten: Noka eta toka hoskide… bertsolarien adiskide? izenburuko ikerketa osatu zuen Mintzolaren eta UPV/EHUren proiektu saria eskuratuz.
Dragoi Bolari buruz galdetzeko aukera ere ez du galdu Mirarik: izan ere, Beñat Muguruzak, Garbiñe Bereziartuarekin batera, ETB1n emandako Dragoi Bola marrazki bizidunetan hitanoak izandako erabilerari buruzko ikerketa ere egin baitu.
Bi bertso saio
Astero bezala bi jaialditako bertsoaldiak eskainiko dira Hitzetik Hortzeran: Iurretako eta Lazkaoko saioetako bertsoak, hain zuzen. Iurretan, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan, Maite Berriozabalen esanetara. Lazkaon, aldiz, Iker Iriarteren esanetara aritu ziren Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.