Hiru ordutan, 40 musika puska

Hiru ordutan, 40 musika puska
EFE

Mundiala da, sinestezina, bihurria, tristea, malenkoniatsua, burlatia, hunkigarria, itzela, basa, ederra eta, soinu aldetik, ez du parekorik zeluloidezko galaxia osoan

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ez izan dudarik, uda finitu aurretik ikusi eta entzun beharreko filma kasik bakarra Quentin Tarantinoren 'Once Upon a Time… in Hollywood' duzue.

Joandako garai horiei egindako omenaldi tristatua. Vietnamgo gerran galdutako inozentziari asmaturiko zisne kanta. Kennedy bi anaiak, Martin Luther King eta Sharon Tate erail zituzten batera desagerturiko esperantzari eskainitako azken- aurreko bertsoa. Gutako asko hezi gintuen bost izar sekula jasoko ez zuen zinema eta telebista mota bati luzaturiko besarkada epela.Historia ofizialaren gainean hartutako mendeku ezinezkoa.

Hori guztia eta askoz gehiago da hiru ordu irauten duen Tarantinoren bederatzigarrena,uda honetako filma ezinbestekoa.

Di Caprio. Brad Pitt. Margot Robbie. Eta hamaika, ziento izen gehiago, zotinka barre egiten duen pelikula honetan. Pelikula pop honetan. 60ko hamarkadaren tentazio, arrisku eta plazer orotan erorarazten gaituen kolore aseen film honetan.

Zientoka izar eta 40 musika puska inguru. Tarantinok banan banan aukeraturik. Desira eutsiezinaz eta erabaki ezin ukatuzkoez. Pelikulan soinu horiek guztiak sartu ahal izateko baimen beharrezkoak eskudirutan bapo ordaindurik. Saltzaileek jarritako prezio neurriz kanpokoei erreparatu barik.

Urrian plazaratuko dira biniloz. Edizio mugatuan. Bildumazale amorratuen tentaldi deabruzkoa. Binilo eder horietako hainbat, ale urri batzuk, besterik ez, Los Angeleseko Amoeba Records disko dendan jarri zuten salgai udaberrian. Canneseko estreinaldi planetartekoaren aurretik. Bi ordutan agortu ziren. Gabe geratu ziren franko malkotan egin zuten etxera.

40 musika puska. Behin batean Hollywooden, Los Angelesen, Kalifornian entzuten zirenak. Garai hartako KHJ irratiak programatzen zituenak. Orduko bertsio horien soinu ezaugarriak zintzo demonio errespetatuz pelikularatu dituzte: Deep Purpleren 'Hush' edo 'Kentucky Woman' esaterako; Neil Diamonden 'Brother Love´s Traveling Salvation Show';The Mamas and The Papasen 'Straight Shooters'; Simon & Garfunkelen 'Mrs Robinson'. 'California Dreamin', nola ez. Baina Jose Felicianoren erara. Baita aro hartako gure irrati formula garatu gabeetan arrakasta izugarria lortu zuen Los Bravosen 'Bring a Little lovin' ere.

40 musika puska. Inguru. Eta ez bakarrik abestiak. Memento hartako filmen eta telesailen promoziorako soinuak ere bai. Edo urte horietako zenbait soinu banda, Hitchcocken 'Cortina rasgada'rena, adibidez. Ala Steve McQueenek antzesturiko 'La gran evasión'ekoa, Elmer Bersteinek sortua.

40 musika puska. Inguru. KHJ irratiaren beraren publizitatea, inkluso. Edo 'Dinamita Jim' espageti- western fama txarrekoarentzat Morriconek buruturiko lan izugarria, I cantori moderni de Alessandroni talde estrainoak joa.

Uda osoan antzekorik ez duzue entzun,entzungo, zin dagizuet. Biniloa erreserba daiteke hainbat web orrietan baina hobe, askoz hobeto 'Once Upon a Time… in Hollywood' zuen etxe ondoko pantailetan dagoela entzuten badituzue kanta guztiak. Lehenbizikoz. Eta ez plataforma digitaletan. Horrela, pelikulaz gozatuz gain, Tarantinok musika irudiei, irudietan, irudiekin eta narrazioaren erritmoari egokitzeko duen dohain berezia, berezkoa, izugarria egiaztatuko duzue. Berriro ere. Ah, azken aholkua: ikusi/entzun jatorrizko bertsioan. Arren. Otoi.

Ez, ez sasi-intelektualaren plantak egiteko baizik eta jasotako plazera areagotzeko asmo bizitan.