Hiru jardunaldi eta erakusketa, ondarearen astean

Erakusketako irudia/IÑIGO IBAÑEZ
Erakusketako irudia / IÑIGO IBAÑEZ

Irailaren 27, 28 eta 29an, Oteiza Museorako sarrera librea izango da. Gainera, bisitariek aukera izango dute museoko bilduma iraunkorra, Oteizaren lantegi-etxea eta 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969' aldi baterako erakusketa ikusteko

DVDonostia

Sarrera libreko hiru jardunaldi antolatu ditu Oteiza Museoak bat egiteko Ondare Jardunaldiekin. Tailer pedagogikoa ere prestatu dute, 'Gure ondarea aktibatuz', eta baita zuzendariarekin berarekin egingo den zentrorako ikustaldi gidatua ere.

'Artea eta aisia' lelopean, irailaren 27, 28 eta 29an zehar, museorako sarrera librea eta doakoa izango da. Egun horietan zehar bisitariek aukera izango dute museoko bilduma iraunkorra, Oteizaren lantegi-etxea eta 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969' aldi baterako erakusketa ikusteko. Proiektua bi egoitzatan aurkezten da, Oteiza Museoan eta Gandiaga Topagunean, eta proiektuari lotutako 200 pieza ditu ikusgai.

Erakusketak aukera ematen du Oteizak basilikako fatxadan esku hartzeko landu proiektuaren funtsezko oinarriak ulertzeko zein haren garapena markatu zuten une erabakigarriak ezagutzeko. Proiektuko komisarioa Elena Martin da, Oteiza Museoko kontserbatzailea, erakusketaren diseinua Javier Baldak egin du, eta Arantzazuko obra instalatzeko prozesuan zehar Oteizak grabatutako irudi originaletatik abiaturik Xabier Erkizia artistak berariaz prestatutako soinuzko esku-hartzea ere bada.

Programaren barnean izango da, halaber, museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereñoren eskutik egingo den zentrorako ikustaldi gidatua. Bisitan zehar, eta 'Oteiza Museoa, arte- eta arkitektura-topaketa' izenburuarekin, Oteizaren obraren funtsezko klabeak azalduko dira, Sáenz de Oizak garatu arkitektura-proiektuari lotuta. Ikustaldia irailaren 28an izango da, larunbatean, 12:00etan.

Azkenik, programa osatzeko Gure ondarea aktibatuz lantegi-ikustaldia izango da. Jarduera hori 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendua da, eta irailaren 29an, igandea, egingo da, 11:30etik 13:00ak bitartean.

Temas

Euskera